GARA Euskal Herriko egunkaria

Zaintza sistemak gazteengan duen eragina salatu du Ernaik

Ernaik hiru neska «salgai jarri» zituen atzo, zaintza sistemak gazteei nola eragiten dien ikusarazteko eta A30eko greba feministarako deia egiteko. «Sistema publiko eta komunitario sendoa» aldarrikatu zuen.

Hiru neska gazte «salgai jarri» zituen Ernaik, zaintza sistemak eragiten dituen ondorioak agerian uzteko. (Gorka RUBIO | FOKU)

Nahikari, 19 urte, erresidentzietan lan egiteko prest, 34 eurotan. Maialen, 24 urte, aitona eta amona zaintzeko, 2x1. Ane, 22 urte, umeak zaintzeko ezin hobea, 20 eurotan. Ernaik hiru neska gazte erakusleiho banatan sartu eta «salgai jarri» zituen, atzo, Donostian, zaintza sistemaren krisia mahai gainean ipini eta erabat feminizatuta eta prekarizatuta dagoela salatzeko, eta gazteen ikuspegitik nola ulertzen den eta bereziki neska gazteengan zer eragin duen eta nola ezaugarritzen den ikusarazteko.

Azaroaren 30eko greba feminista orokorrari begira egindako ekimena izan zen Ibaetako campuseko Karlos Santamaria liburutegiaren aurrean burututakoa. Grebari begira, gazte antolakundearen irakurketa plazaratu eta grebaren antolakuntza prozesuan nahiz egiten diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin nahi izan dute horrela.

«Pentsatu al duzu nork zaintzen zaituen, nork zaintzen dituen zure ingurukoak? Pentsatu al duzu zer gertatuko litzatekeen erresidentzia guztiak pribatizatuko balituzte, osasungintza publikoa pribatizatu eta gure osasuna enpresa handien esku geratuko balitz? Zainduak izateko borrokaren bidez lortu ditugun eskubide guztiak kenduko balizkigute? Pertsona etorkinei ateak itxi eta are gehiago baztertuko balituzte? Neska gazteok salgai jartzen baldin bagaituzte? Gazteok orain zaintzen duguna baino bost bider gehiago zaindu behar badugu inongo babesik gabe?». Galdera hauek errenkadan bota zituzten Ernaiko kideek bozgorailu baten bidez, jarraian proposamena egiteko: «Aldatu dezagun ezarri nahi diguten etorkizuna».

Ane Alaba Ernaiko komunikazio arduradunak nabarmendu zuenez, «neska gazteek bereziki» pairatzen dituzte zaintzaren alorrean dagoen «prekarizazioa eta merkantilizazioa», praktiketan, umeak zaindu behar dituztenean... horri aurre egiteko «baliabide gutxiago ditugulako».

Zaintza lan guztia «emakumeon gain jausten» dela eta «genero arrakala ikaragarria» dagoela salatu zuen Ernaiko kideak, eta hori hezkuntzarekin lotuta dagoela erantsi: «Nola hazten gaituzten ikusi besterik ez dago, emakume izateagatik txiki-txikitatik zaintza gure gain hartzea ezartzen digute eta, gero, hezkuntza prozesu osoan ere horrela jasotzen dugu, ez da kasualitatea unibertsitateko zenbait karrera feminizatuta egotea».

«SISTEMA PUBLIKO KOMUNITARIO SENDOA»

Etorkizunean, gainera, zaintza lanak areagotzen joango dira, bilakaera demografikoari lotuta dagoelako, eta, hortaz, Alabak aipatu zuenez, datozen hamarkadetan «gehiago izango dira zainduak izan behar duten pertsonak, eta gutxiago zaindu ahalko dutenak». Horren aurrean, Ernaik nabarmendu du «orain» dela momentua «ekiteko, gure eskubideak borrokatzen jarraitzeko eta prekarizazio prozesu hau eteteko». Hori aldatu ezean, «gure gurasoek baino bost aldiz pertsona gehiago zaintzea tokatuko zaigu».

Horregatik, gazte erakundeak egungo zaintza sistema iraultzea ezinbestekotzat jo du eta zaintza sistema «publiko komunitario sendoa, Euskal Herrikoa, hemen errotua eta guztiok kontuan hartuko gaituena» abiarazteko premia adierazi du. Bide horretan, azaroaren 30eko greba orokorrean jarri du hitzordua Ernaik, egun hori «zaintza lanak erdigunean» jartzeko eta «borrokarekin jarraitzeko» izango dela azpimarratuz.