GARA Euskal Herriko egunkaria

EH Bilduk burujabetza aldarrikatu du, haren faltaren ikur den zubian

Irun eta Hendaia arteko Etorbidea zubia «gure burujabetza faltaren ikur nabarmena» dela iritzita, han izan ziren EH Bilduko Maddalen Iriarte eta Pernando Barrena atzo, Estatutuaren urteurrenean. Zubiaren itxiera eta migranteekiko «egoera ez-erregularra» salatu zituzten.

Irun eta Hendaia lotzen dituen Etorbidea zubian irudikatu du «burujabetza falta» EH Bilduk. (IJagoba MANTEROLA | FOKU)

Euskal Herriak «burujabetza itzulgarria» duela salatzeko asmoz, agerraldia egin zuten atzo Maddalen Iriartek eta Pernando Barrenak, itxita dagoen Irun eta Hendaia arteko Etorbidea zubian. Izan ere, zubia ez irekitzea «euskal herritarroi eragiten diguten erabaki asko Euskal Herrian hartzen ez diren froga bat» dela adierazi zuten EH Bilduko kideek.

Estatutuaren urteurren egunean, «burujabetza falta» hori gaur mugak direla eta bihar beste esparru batean irudikatuko dela ohartarazi zuen Iriartek. «Ez dugu subiranotasun itzulgarririk nahi, erabateko subiranotasuna nahi dugu. Euskal herritarren gehiengo handi batek bere eguneroko bizitzan eragiten dioten kontu guztiak hemen erabakitzea nahi du», esan zuen.

Zubia «burujabetza falta» horren froga dela uste dute, eta, irekiera-data urriaren 30erako ezarrita dagoen arren, koalizio independentistaren ustez, «oso litekeena da ez betetzea, pasabideak itxita mantentzeko zeuden aitzakiak errepikatu egiten baitira».

Euskal Herria «bi estatutan eta hiru lurralde eremutan banatutako nazioa» dela gogorarazi zuen. Hortaz, EH Bilduk «nazio horren eta hemen bizi diren eta lan egiten duten pertsonen eskubideen alde egiten jarraituko» duela iragarri zuen. «Nazioa garela» aldarrikatzeko, azaroaren 18ko Bilboko manifestazioarekin bat egiteko deia egin zuen Iriartek.

MIGRANTEEN KONTRAKO OLDARRALDIA

Barrenak, bestalde, Irun eta Hendaia arteko pasabidean dagoen «egoera erabat ez-erregularra» nabarmendu zuen, batez ere Europar Batasuneko Schengengo Ituneko barne-muga bat dela kontuan izanik. Alde horretatik, Estatu frantsesera sartzen saiatzen diren migratzaileen egoera deskribatu zuen: «Identifikaziorako irizpidea fenotipikoa da, jendarmeak migranteengana hurbiltzen dira beren larruaren ko- lore ilunaren arabera», azaldu zuen, eta salatu zuen horien kanporatzea ez dela «inongo protokolo edo berme legalaren menpe egiten». «Ez dago prozedura administratiborik, ez dago abokatu baten asistentzia, ez zaie asilo eskaera egiteko aukerarik ematen, eta honek guztiak berotan ematen diren bueltatzeak erabat irregular bihurtzen ditu», gaineratu zuen europarlamentariak.

Gobernu frantsesaren eta Europar Batzordearen jarrera seinalatzeaz gain, «muga pasabideen irekiera eskatzeko momentua» dela azpimarratu zuen Barrenak, baita horien funtzionamendua «giza eskubideen araberakoa izan dadila exijitzekoa» ere. «Europar Batzordearen Asilo eta Migrazio Itunak ez du balio migranteen segurtasuna bermatzeko», gaineratu zuen.