2023 URR. 26 OSASUNA Gorritxoek urtarrilaren 11n jokatuko du Superkopako finalerdia, Barçaren aurka Bartzelona izango du aurrez aurre. Beste finalerdian Real Madril eta Atletico Madril arituko dira. Finala urtarrilaren 14an jokatuko dute. Osasunako jokalariak, Granadaren aurka Sadarren jokatutako azken partidan. (Iñigo URIZ | FOKU) GARA Osasunak urtarrilaren 11n, ostegunean, jokatuko du Superkopako finalerdia Bartzelonaren aurka, 20.00etan. Espainiako Futbol Federazioak atzo ezagutarazi zituen Saudi Arabian jokatuko diren partiden datak eta ordutegiak. Superkopako lehen finalerdia urtarrilaren 10ean, asteazkenez, izango da: Real Madrilek eta Atletico de Madrilek neurtuko dituzte indarrak, 20.00etan. Hurrengo egunean, eta ordu berean, Jagoba Arrasateren taldearen txanda izango da. Finalerdietako partida irabazten duten bi taldeek jokatuko dute finala aste horretako igandean, urtarrilaren 14an. Ordu berean izango da. Lehia guztiak Riadeko Al-Awwal Park zelaian jokatuko dituzte. Bartzelona iaz lortutako garaikurra errepikatzen ahaleginduko da, eta gorritxoen aurka arituko dira, zeinak kopako txapeldunorde izateagatik lortu zuten Superkoparako txartela. Taularen beste aldean daude Kopako garaikurra altxatu zuena -Real Madril- eta ligako hirugarren sailkatua -Atletico de Madril-. Izan ere, Superkopa jokatzen dute Kopako finalera iritsi diren bi taldeek eta ligako lehen eta bigarren sailkatuek. Talde batek bi leku betez gero, ligako hirugarren sailkatutik aurrera betetzen dira geratzen diren tokiak. IGANDEAN, BETIS Iruñeko taldeak igande honetan Betisen aurka neurtuko ditu indarrak Sevillan, 14.00etan. Osasunak ligan 10 urte daramatza Betisen zelaian irabazi gabe. Kopan, ordea, oroitzapen ona du: iragan denboraldian final laurdenetarako txartela lortu baitzuen birritan markagailua berdinduta eta penaltietan irabazita. Ligan oso bestelakoa izan da jarduna; azken 10 urteetan iruindarrek ez baitute irabazterik lortu. Eta azken bost denboraldietan ez dute punturik bildu. 11 gol jaso dituzte eta bat sartu. 10 URTEOsasunak ligan 10 urte daramatza Betisen zelaian irabazi gabe. Osasunak 2013-2014 denboraldian irabazi zuen azken aldiz Benito Villamarinen. 1-2 gailendu ziren nafarrak; Roberto Torresek sartu zuen lehenengoa, eta Jordi Figuerasek bere atean egin zuen bigarrena. Etxekoen gola Jorge Molinak sartu zuen.