GARA Euskal Herriko egunkaria

Langileen eskakizunak, argi eta ozen kaleetan

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako sektore publikoko milaka langile hiru hiriburuetako kaleetara irten ziren atzo zerbitzu publikoak eta lan baldintzak indartzea eskatzeko. Goizeko lehen ordutik informazio piketeak izan ziren, eta eguerdian manifestazio jendetsuak: «Zerbitzu publikoen egoera egunero sufritzen dugu».

EAEko Sektore publikoan greba zela eta, manifestazioa egin zuten atzo Bilbon. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Irakasleak, garbitzaileak, Osakidetzako langileak, garraio publikokoak, administraziokoak, kiroldegietakoak, epaitegietakoak… Araba, Bizkai eta Gipuzkoako sektore publikoko 152.000 langile inguru atzoko grebara deituta zeuden, azken urteetan izaten ari diren pribatizazioak salatzeko eta, horren aurrean, zerbitzu publikoak indartzea eskatzeko.

Aldarrikapenak egunaren lehen ordutik hasi ziren. Artean eguna argitu gabe zegoenean, grebalari goiztiarrenek hiriburuetako zenbait kale zeharkatu zituzten, bide publikoan eserialdiak eginez. Grebaren arrazoiak azaltzearren, lantoki publikoetan pikete informatiboak ere izan ziren.

Zenbait trafiko-eten eta Bilbora goizeko lehen orduan sartzeko zailtasunak izan ezik, ez zen gertakari aipagarririk izan. Bizkaiko hiriburuan, goizeko 07.30ean hasi ziren lehen mobilizazioak, Juan de Garaitik, EITBtik eta Salbeko zubitik abiatu ziren hiru zutaberekin. Azken puntu horretan tentsio une bat bizi izan zen, Ertzaintzak grebalari talde bat bultzatu zuenean.

Bilboko erdigunean izan ziren mobilizazioetan, sindikatuetako ordezkariek adierazpen batzuk egin zituzten. SATSE erizainen sindikatuko bozeramaile Amaia Mayorrek Osakidetzak eskaintzen duen arretan «eskubideak eta kalitatea galdu» direla salatu zuen, eta lan kargak arintzeko eta Euskal Osasun Zerbitzuan behin-behinekotasun tasa altuarekin amaitzeko eskatu zuen. Pikete informatiboak bukatutakoan, manifestazio nagusiak 11.30ean hasi ziren hiriburuetan. Gasteizen, Legebiltzarretik; Bilbon, Lakuako Gobernuko ordezkaritzatik; eta Donostian, Bulebarretik. «Zerbitzu publikoa indartu», «Hemen lan egin, hemen erabaki», «Ez ez ez, pribatizaziorik ez», «Bai bai bai, negoziazioari bai», eta «Borroka da, bide bakarra» esaldien artean aurrera egin zuen Bilboko manifestazioak kale nagusitik. ‘Zerbitzu publikoak indartzeko soldata eta enplegua hemen adostu!’, zioen pankartak.

Izan ere, hori izan da gaurko grebaren aldarrikapen nagusietako bat: «Estatu espainoletik datozen mugak eta betoak behingoz kentzea, soldata eta enplegu publikoaren beharrak hemen erabakitzea». Igor Eizagirre ELA-Gizalaneko idazkari nagusia EAJri eta EH Bilduri exijitu die Estatuko aurrekontuak ez babesteko, «hemen negoziatzeko betoari eusten badiote».

«BORROKAN JARRAITU»

Bizkaiko hiriburuko mobilizazioa udaletxearen aurrean amaitu da. «Hemen gaude, guk beste inork baino gehiago baitakigu zerbitzu publikoak nola dauden. Badakigu, eta egunero sufritzen dugu egoera hau», esan zuten sindikatuetako ordezkariek azken aldarriei ekin aurretik, oraindik jendea udaletxe aurreko plazara iristen ari zela.

«Ongizate Estatua delakoa hiru zutabetan oinarritu izan da: Gizarte Segurantza, Hezkuntza eta Osasungintza. Bada, argi ikusi dugu horiek nola ahuldu diren azken urteotan. Horrenbestez, horiek indartu eta, gainera, laugarren hanka bat ezarri behar da, zaintza sistema publiko komunitarioa», adierazi du LABeko koordinatzaile orokor Igor Arroyok.

Bukatzeko, sindikatu deitzaileek zorionak eman zizkieten greban eta mobilizazioetan parte hartu zuten guztiei, «gaur kalitatezko zerbitzu publikoen alde egiteagatik». Borroka horretan jarraituko dutela argi utzi zuten.