GARA Euskal Herriko egunkaria
JOPUNTUA

Asko jokoan


Asko dira udazken honetan sektore publikoan antolatutako mobilizazioak eta grebak, bai sektoreka, bai eta bateratuak ere, aste honetan ikusi dugun bezala. Emandako arrazoien zerrenda luzea da: behin-behinekotasun handia, lan kargen igoera, ordezkapen falta, belaunaldi erreleboaren plangintza eza... Ildo horretan, gauza bat argi dago: lan baldintzak okertzeak zuzenean herritarrei eskaintzen zaien zerbitzuaren kalitatean eragina du. Izan ere, ezin dira kalitatezko zerbitzu publikoak eskaini prekaritate baldintzetan. Kontuak horrela, zerbitzu publikoen pribatizazio gero eta handiagoa funtsezko oztopoa da, zalantzarik gabe.

Herritarrok oso arduratuta gaude zerbitzu publikoen egoeragatik, horien narriadura nabarmena baita. Gogora ditzagun, adibidez, osasun publikoa desegitearen aurkako mobilizazio ugariak. Izan ere, Osakidetzaren egungo egoera arazo nagusietako bat bihurtu da herritarrentzat. Bizitzen ari garena bereziki kezkagarria da, ez baitugu ahaztu behar herritarren oinarrizko eskubideak bermatzeko zerbitzu publiko indartsuak funtsezkoak direla. Finean, ongizatea eta justizia soziala bermatzeko. Gainera, ezinbestekoak izango dira gaur egun bizi dugun testuinguru nahasian aurre egin behar diegun erronka berriei heltzeko.

Egoera honen aurreko konponbideak asko izan daitezke eta beharbada ez dira erabaki errazak, baina garbi daukat langile publikoen aurka egitea ez dela horietako bat. Testuinguru honetan, galdera interesgarria izan daiteke ea zenbateraino bide hori hartzea interesatua den, eta zenbateraino sektore publikoari ospea kentzeko helburua ez ote duen. Norberaren erantzukizuna besteengan jartzea ez da emaitza onik dakarren estrategia. Arlo honetan, lan baldintza duinak izateaz gain, beharrezkoa da sektore publikoan inbertsio estrategikoak egitea; baina, zalantzarik gabe, funtsezkoa izango da horien gobernantza eredua aldatzea. Azaroaren 30ean greba feministara deituta gaude, zaintzarako eskubidea berrindartzeko, zerbitzu publiko indartsuetan oinarrituta. Aukera ezin hobea da gobernantza ereduaren inguruan gogoeta egiteko.