2023 URR. 27 AZKEN PUNTUA «El Niño» Iker IBARLUZEA Meteorologoa Urtaro garrantzitsu bat gerturatzen ari den heinean, jende askok egiten duen galdera da ea nolakoa izango ote den. Ondotxo dakizuen bezala, urtaro horren nondik norakoak jakitea gaur egun oraindik oso zail edo kasik ezinezko egiten zaigu meteorologo eta klimatologo orori. Baina horrek ez du esan nahi klimak edo eguraldiak berak pista batzuk eman ahal ezin dizkigunik. Gaurko pista, Ozeano Barean gertatzen den fenomeno baten ingurukoa da: “El Niño” (“Haurra”) fenomenoa. Fenomeno hau Ozeano Barean gertatzen da. Ozeanoaren azaleko urak ohi baino gehiago berotzen dira, eta ur beroa ekialdetik mendebaldera mugitzen duten haizeak ahuldu, ur beroak Ozeano Barearen ekialdean kokatzen direlarik, bertan eurite handiak utziz. Honek «corriente del chorro» delakoa indartzen du, eta korronte horrek munduko beste alderdi batzuetan eurite handiak uzten ditu. Gurean duen eragina, pixkanaka, gero eta garbiago dagoela dirudi. Fenomeno honek, batez besteko tenperaturen gorakada bat ekartzen badu ere, borraskei indar handiagoa ematen die, haizete eta euriteak areagotuz. Eta, zergatik ez, uneren batean baita elurteren bat ere. Beraz, nire ustez behintzat, aurten udazken, negu eta udaberri mugituak izango ditugulakoan nago. Ea gutxienez euri nahikoa izaten den.