GARA Euskal Herriko egunkaria

Esther Ferrerren «Números primos» Artiumeko barren plazan ezarri dute

Zaharberritze lan luze baten ondoren, Esther Ferrer artistaren “Números primos” (Zenbaki lehenak) obra Gasteizko Artium museoaren barruko plazan ezarri dute behin betiko. Prado parkean 2003an jarri zuten artelan honek matematikaren eta arte plastikoen arteko harremana erakutsi nahi du modu pedagogikoan.

Ezkerretik eskuinera, Herraez, Diaz de Corcuera, Ferrer eta Del Val, obraren gainean oinez. (Raul BOGAJO | FOKU)

«Matematika eta artea bereizezinak direla» erakusten duen “Números primos” (Zenbaki lehenak) Esther Ferrerren artelana Gasteizko Prado parketik berreskuratu eta Artium museoaren barruko plazan ipini dute, jolas eta hezkuntza toki izaten segi dezan.

Lurrean instalatutako gresezko zeramikazko 10.000 lauza karratuk osatzen duten lanak 2003an ikus zuen lehenengoz argia, parkeko lurrean, horretarako bereiziki sortua izan baitzen artistaren lehenengo instalazio iraunkor hau. Hala ere, erabilera handiko leku bat zenez, kontserbazioa zaila zen eta hondatu egin zen.

Zazpi hilabeteko lanaren ondoren, atzo aurkeztu zuten berritutako obra. Esther Ferrer bera bertan izan zen, Beatriz Herraez Artiumeko zuzendariarekin, Ana del Val Artium Fundazioaren Batzorde Betearazleko presidentearekin eta Sonia Diaz de Corcuera Gasteizko Udaleko Kultura eta Hezkuntza zinegotziarekin batera.

Ferrerrek «esker on bikoitza» helarazi zuen, oraingoan egindako lanarengatik eta, duela 20 urte, «inori interesatzen ez zitzaion zerbaitetan interesatzeagatik». Gainera, askotan bere artelanak egiteko erabili dituen zenbaki lehenen garrantzia nabarmendu zuen: «Matematika eta artea banaezinak dira, eta ez dakigu zenbat gauza dauden zenbaki lehenetan oinarrituta».

200 M2, ERABILGARRI ”

Números primos” lanak 200 metro koadro inguruko azalera du eta zeramikazko 10.000 lauzak osatzen dute. Horietatik 4.556k diagonal gorri bat dute, 4.222k diagonal urdin bat, eta 1221ek zenbaki lehen bat inprimatuta daukate, 41 zenbakitik 10.039ra, biak barne.

Beatriz Herraezek adierazi zuenez, kokapen berriarekin artelana «egunerokotasunaren eta paisaiaren parte izango da». Gainera, museoaren inguruan kokatutako emakume artista baten lehenbiziko obra da, Chillidaren, Oteizaren, Serraren eta Basterretxearen lanekin.

Kontserbazio egokia bermatzeaz gain, museoaren bisitarien topaketarako eta parte hartzeko toki bezala ere erabili nahi dute. Asmoa da bertan performance praktikei lotutako programa artistikoak egitea eta proposamen pedagogikoak garatzea.

Esther Ferrerren lan esanguratsuenetarikoa den hau, izan ere, erabilia izateko sortu zen, haurrak han jolas zitezen, esate baterako, artearen zentzu pedagogikoaren adibide gisa. Horregatik, artearen, pedagogiaren eta formakuntzaren arteko biltzean, hain zuzen, Ferrer «aitzindaria da artea eraldatzeko tresna bat izan dadin», Artiumeko zuzendariaren hitzetan.

GARRANTZIA NAZIOARTEAN

Esther Ferrer (Donostia, 1937) artistak 1960ko hamarkadatik interbentzioak banaka edo ZAJ taldeko kide gisa egin ditu. Zehazki hamarkada horren hasieran sortu zuen, Jose Antonio Sistiaga margolariarekin batera, adierazpen libreko lehen tailerra, beste hainbat jarduera pedagogiko paraleloren hazi bihurtu zena, besteak beste, Elorrioko Eskola Esperimentala.

1970eko hamarkadaren erdialdetik aurrera bere jarduera plastikoari ekin zion berriro landutako argazkiekin, instalazioekin, zenbaki lehenen seriean edo Pi zenbakian oinarritutako objektuekin.

1999an, Manolo Valdesekin batera, Veneziako Bienaleko Estatu espainoleko pabiloian parte hartu zuen. 2008an Arte Plastikoen Sari Nazional espainola jaso zuen. 2012an Gure Artea saria eman zioten bere ibilbidea aitortzeko, eta Velazquez saria 2014an. Ibilbide luzean, mundu osoko erakusketa eta jaialditan izan da.