2023 URR. 27 KOLABORAZIOA Euskal eskola publikoaren alde, Hezkuntza Legearen kontra Arkaitz ABURTO HERNANDO EHIGEko presidentea EHIGEk eskola publikoan oinarritutako hezkuntza sistema propio baten alde egiten du, herritar guztiei kalitatezko hezkuntza, kohesionatua, laikoa eta euskalduna eskaintzeko behar diren baliabide guztiak izango dituena. Helburu hori ez dago jasota Eusko Legebiltzarrean eztabaidatzen ari den EAEko Hezkuntzaren lege proiektuan. Lege proiektu honek ez du lehenesten eskola publikoa, hurbileko hezkuntza, kohesionatua, laikoa eta euskalduna berma dezakeen bakarra. Eskola publikoa hezkuntza sistemaren ardatz gisa jarri beharrean, itunpeko irakaskuntzari subsidiariotasuna emanez, maila berean jartzen ditu eskola publikoa eta itunpeko eskola pribatua, Hezkuntzako Euskal Zerbitzu Publikoaren bidez. Ondorioz, hezkuntza sistema publiko-pribatu duala betikotzen du, azken urteetan ikasleak hautatzen eta gizartea desegituratzen gehien lagundu duen tresnetako bat. Finantzaketari dagokionez, ikastetxe pribatuetara bideratzen ari dira inolako baldintzarik gabe eskola publikoak behar dituen baliabideak. Hala, %16 igo da hezkuntza itunak finantzatzeko partida, 2 urteko gela guztiak itunduz eta maila guztietako finantzazioa handituz. Bitartean Euskal Eskola Publikoarentzako inbertsio planik gabe jarraitzen dugu. Ez dago eskola publikoaren perimetroa handitzeko asmorik lege proiektuan, ezta pasatu den otsailean argitaratu zen planifikazio dekretu berrian ere. Jada ez zaio plaza publiko bat bermatzen eskatzen duen familia orori, baizik eta Hezkuntzako Euskal Zerbitzu Publikoko plaza bat. Euskararen ezagutza eta erabileraren bermeari dagokionez ere, ez dago aurrerapausorik. Eskola publikoak Haur Hezkuntzako ikasleen %97,9 D ereduan dituen bitartean, dozenaka A eta B eredu ituntzen dira sare pribatuan. Egungo D ereduan ditugun hutsuneei erantzun beharrean ikasle guzti-guztiei euskararen ezagutza eta erabilera bermatuz, atzerapausoak emateko arriskua dago lege proiektuak jasotzen duen «esparru eleaniztuna» deritzonaren bidez. Amaitzeko, ez dago aurrerapausorik eskola publikoaren etorkizunerako funtsezkoak diren bi esparrutan: parte hartze eredua eta autonomia. Hezkuntza komunitatearen parte hartze demokratikoa garatuago dago indarrean dagoen Eskola Publikoaren Legean, proposatutako testuan baino. Gauza bera gertatzen da ikastetxe publikoen erabaki ahalmenarekin. Berdin finantzatutako eta autonomian mugarik ez duten ikastetxe pribatuekin lehiatu beharko du eskola publikoak. Guk argi daukagu. Ez dugu behar itunpeko sarearen aldarrikapen historikoak asetzera datorren lege bat. Ez gaitzatela engainatu esaten lege hau gure hezkuntza sistemaren erronkei erantzutera datorrela. Hau ez da ez eskola publikoak ez euskal gizarteak behar duen legea. Urriaren 29an zatoz Donostiara gurekin “Euskal Eskola Publikoaren alde, Hezkuntza Lege honi ez!” ozen aldarrikatzera. Guk argi daukagu. Ez dugu behar itunpeko sarearen aldarrikapen historikoak asetzera datorren lege bat