GARA Euskal Herriko egunkaria
BASKONIA

Peñarroya prestatzaileak «errespetu pixka bat gehiago» eskatu du

Baskonia Dusko Ivanovicekin hitz egiten ari da, Joan Peñarroya ordezteko. Horren harira, errespetua eskatu du kataluniarrak.

Joan Peñarroya, joan den asteko partidan. (R. BOGAJO | FOKU)

Badirudi berandu baino lehen Joan Peñarroya Baskoniako entrenatzailea kargutik bota egingo dutela, hasiera bateko zurrumurruak baieztatu baitira. Gasteizko kluba Dusko Ivanovic Montenegroko prestatzailearekin hitz egiten ari da, Baskonian bere laugarren aroari ekiteko. Bitartean Peñarroyak jarraitzen du aulkian, eta atzo emandako prentsaurrekoan «errespetu pixka bat gehiago» eskatu zuen, galdetu ziotenean prestatzaile berriaren fitxaketari buruz.

«Badakit zarata handitzen joan dela, baina nik ez dut inorekin hitz egin, ez dut ezeren berririk», esan zuen prestatzaileak, eta aitortu zuen informazio horietatik «aparte» ez dagoela, baina «lasai» dagoela, eta Unicajaren aurkako lehiaren ondoren zuen «aldarte berarekin». «Kontrolatu ezin ditugun gauzak hor daude, eta, beraz, ez da ezer aldatu entrenatzaileari, nire talde teknikoari edo nire jokalariei dagokienez. Baina egia da hainbeste zaratak apur bat arreta galtzea eragin dezakeela», argudiatu zuen Peñarroyak. Horrez gain, nabarmendu zuen iritsi zen lehen egunean bezala lanean ari dela.

Bulegoetako kontuak alde batera utzita, Baskoniak Panathinaikosen aurka jokatuko du gaur. Euroligako bosgarren jardunaldiari begira, kataluniarrak adierazi zuen «greziarrek sekulako taldea» dutela eta, Euroligako edo Liga Endesako gainerako talde askoren antzera, «osatzeko bidean» dagoen multzoa dela, entrenatzaile berri batekin. «Oraintxe hasi gara Euroligan lehiatzen, eta talde bakoitza bere lekua bilatzen ari da», aipatu zuen Peñarroyak. Bi taldeek hiruna puntu bildu dituzte jokatu dituzten lau partidetan. Taularen beheko aldean daude; Atenaseko taldea, hamabosgarren, eta Gasteizekoa, hamaseigarren.

HUTSUNEAK Peñarroyak aitortu zuen azken partidetako sentipenak «hobeak» izan zitezkeela, eta uste du taldea ez dela «gaizki» jokatzen ari. Hala ere, kataluniarrak esan zuen hobetu egin behar duten irudipena dutela, eta agindu zuen «hobetu» egingo dutela. Peñarroyak ez du «estutasunik» sentitzen egoera horren aurrean.

Sentitzen du, ordea, partidaren atarian zenbait jokalarik ezingo dutelako jokatu. Min hartuta dauden Dani Diez eta Nikos Rogkavopoulo jokalariez gain -lehenak eskuin hankako soleoan du lesioa, eta bigarrenak eskuin hankako bikian-, ez dago oraindik argi Chima Moneke eta Khalifa Diop jokalariak jokatzeko moduan egongo ote diren.

Moneke ez da entrenatu aste osoan, aldakan jaso zuen kolpe baten ondorioz. Eta Diopek bizkarreko arazoekin jarraitzen du.

Matt Costello eta Tadas Sedekerskis jokalariek zazpi ahalak egin beharko dituzte, falta diren jokalarien hutsuneak betetzeko.

Prestatzaileak nabarmendu zuen partidetan dituzten momentu txarretan arreta jartzen ari direla, hain gogor ez zigortzeko: «Unicajaren aurkako partidan gaizki hasi ginen, eta markagailuan 0-18 aurrea hartu ziguten. Hor egon zen norgehiagokaren gakoa. Une horiek identifikatu behar ditugu, eta sendoagoak izan».