GARA Euskal Herriko egunkaria
Elkarrizketa
NAHIKARI ITURBE
Sareko ordezkaria

«Iraganean betikotzen gaituzten ateak ixtea dagokigu; giltza guk geuk dugu»

«Konponbiderako giltzak» lelopean, dinamika berria abiatu du Sarek, urtarrilaren 13ko manifestazioari begira, atxikimenduak biltzeko. Konponbideari, elkarbizitzari eta preso eta iheslarien etxeratzeei ateak irekitzeko garaia dela uste du Nahikari Iturbek. Salbuespenezko neurriek indarrean jarraitzen dutela salatu zuen atzo NAIZ irratian.

(Andoni CANELLADA | FOKU)

«Iraganean betikotzen gaituzten ateak ixtea dagokigu lehenik. Hori egin eta gero, aurrera begirako ateak ireki beharko ditugu: konponbiderako, elkarbizitzarako, etxerako bideak. Ateak irekitzea da gure helburua, eta, horretarako, argi daukagu giltza guk geuk, guztiok izan behar dugula», adierazi zuen atzo Nahikari Iturbe Sareko kideak, NAIZ Irratian izandako elkarrizketan. Itziar Ituño, Pello Reparaz, Garbiñe Biurrun, Unai Romano, Rosa Rodero... Hamaika atxikimendu bildu dituen manifestua aurkeztu zuen Sarek Gernikan joan den urriaren 21ean. Herritarrei sinatzeko aukera zabaldu diete orain giltzak.sare.eus webgunearen bitartez. Dagoeneko, mila sinadurara iristetik hurbil dira.

«Eskubide urraketak dira» Pozik daude manifestuarekin berarekin eta izan duen harrerarekin: «Sindikatu, alderdi eta norbanako oso ezberdinek parte hartu dute, eta garrantzitsua da horri balioa ematea, gero eta garbiago dagoelako, euskal presoez eta salbuespenaz ari garenean, eskubide urraketez hitz egiten dugula».

«34 urtez luzatu den dispertsioa amaitu genuen. Fase berri batean sartuta gaude. Baina oraindik salbuespenak aurrera jarraitzen du, eta hori bukatzea dagokigu».

Hiru legedi zehatz jarri ditu mugimendu herritarrak jomugan, 2003an Jose Maria Aznar presidente espainiarra zen garaian indarrean jarritakoak.

Kezka sortzen ari da, halaber, euskal presoen gradu erregresioekin. Azken bi urteetan EAEn 846 preso ingururi espetxeetako tratamendu batzordeek proposatu eta Lakuak hirugarren gradua onartu die; horien artean 60 bat dira preso politikoak. Horietatik %75i helegitea jarri die Fiskaltzak, eta asko dira espetxera eta bigarren gradura itzuli behar izan dutenak. Euskal instituzioen eta Fiskaltza espainolaren arteko talka aipatu zuen Iturbek.

Iturburua, Auzitegi Nazionala Sareren ustez, Auzitegi Nazionalean dago, berriz ere, arazoaren iturburua. «Pentsatzen dugu Eusko Jaurlaritzak eta espetxe tratamenduek beren lana egiten jarraituko dutela. Batzuentzat mantsoegi, baina ari dira. Ikusi beharko da ea Auzitegi Nazionala errealitatera egokitzen den».

«Etxeratzeko pausoak emateko ere, kontuan hartu behar dugu beste presoei aplikatzen zaien lege bera aplikatzea eskatzen ari garela», erantsi zuen.

Bi urte dira EAEk espetxeak kudeatzeko eskumena bere gain hartu zuela. Sarek balorazio ona egiten du: «Euskal presoen egoera asko aldatu da. Urrunketak amaitzeaz gain, lehen graduak eta isolamenduak ere atzean utzi dira». Iturbek gogoratu zuen preso askok bi hamarkada daramatzatela espetxean, eta beste batzuek, 30 urtetik gora. «Ez da makala eta, beraz, espetxe ibilbidean aurrera egin ahal izatea aurrera urratsa da. Pixkanaka bagoaz humanoagoa den beste espetxe eredu baten bila, jarraika edo tiraka».

Testuingurua zintzo irakurri

Hiru hamarkadetako espetxealdiaren ostean, kontrol telematikorik gabe baldintzapeko askatasunean gelditu dira Jakes Esnal eta Ion Parot. Bide luze eta zaila izan dute. Sarek oso pozik hartu du albistea. Iturbek nabarmendu zuen Estatu espainolari eta frantsesari gaur egungo testuinguruaren irakurketa zintzoa egitea dagokiela. «ETAk bere jarduera armatua duela 12 urte utzi zuela eta konponbidearen eta bizikidetzaren pausoak eman direla aintzat hartuta, presoak etxeratzea eta afera honi konponbide bat ematea bada elkarbizitzaren aldeko apustua egitea. Halako erabakiak hartu behar dira. Batzuentzat behar baino beranduago iristen dira, baina notizia oso onak izaten dira».

PSOE eta Sumarren arteko akordioan aipatzen den puntuetako bat da justizia errestauratiboa. Elkarbizitzaren, konponbidearen eta espetxe eredu humanoago baten alde, biktima ezberdinen arteko elkarbizitzan lan egiten duen edozein ekimen positiboki baloratu behar da, Sareren ustez.

Biktimen errespetua Salbuespenezko politikak amaitzeaz gain, Sarek elkarbizitza du helburu, eta, horretarako, biktimen arteko errespetua behar dela uste du. «Biktima bakoitzak bere prozesua du, bere erritmoa. Gure manifestuan parte hartzen dute zenbaitek. Sarek hastapenetik ikusi du biktima guztien aitortzak eta horien minaren errespetuak lehen lerroan egon behar duela edozein lanketatan, bai biktimen artean, bai euskal presoen eskubideetan aurrera egiteko, eta bai konponbide eta elkarbizitzaren alde pausoak emateko».

2014ko ekainaren 15ean sortu zen Sare, eta laster hamar urte bete behar izateak sentsazio gazi-gozoa sortzen die kideei.

«Lortutakoari balioa eman behar zaio, noski, baina hamarkada bat pasatzeak erakusten du pausoak emateko zer zailtasun dauden, iraganean betikotzeko erresumin hori. Nahiago genuke 10 urte bete behar izango ez bagenitu, orduan dena bere bidean egongo litzatekeelako», esan zuen Nahikari Iturbidek.