GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Erik Jakak ederki baliatu ditu bere dohainak, finalerdietara itzultzeko

Sakearekin askoz gehiago asmatuz eta errematea azkar bilatuz, lizartzarrak merezita menderatu du hasieratik oso lotuta jokatu duen Joseba Ezkurdia. Bi urtez finalerdietan sartu ezinik geratu ondoren, lehiaketako lau onenen artean da berriz ere Jaka.

Erik jaka, Bermeoko partidaren amaieran garaipena ospatzen. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Erik Jaka izango da Jokin Altunaren aurkaria Lau eta Erdiko Txapelketaren finalerdietan. Aurrelari lizartzarrak 16-22 menderatu zuen Joseba Ezkurdia atzo Bermeon, ligaxkako partida erabakigarrian, eta egungo txapeldunak agur esan dio lehiaketari. Jakaren garaipenari esker, Baikok bi pilotari ziurtatu ditu finalerdietan, iaz alerik sartu gabe geratu ostean.

Neurketa parekatua izan zen Bermeokoa, markagailuan gorabeherak izan zituena, baina alde handirik gabekoa. Hori bai, jokoa oso bizia izan zen, piloteo gutxikoa, eta alde horretatik Erik Jakari komeni zitzaion norgehiagoka ikusi genuela esan daiteke, Joseba Ezkurdia oso deseroso aritu baitzen hasieratik amaierara.

Gainera, buruz buruko dema hauetan horren garrantzitsua izaten den sakearekin askoz gehiago asmatu zuen lizartzarrak. Guztira bost tanto egin zituen zuzenean lehen pilotakadarekin, baina sake-errematean beste asko sinatu zituen. Ezkurdiak, aldiz, ez zuen batere behartu aurkaria sakearekin, eta hortxe hasi ziren bere arazoak.

GORABEHERA ASKO

Neurketako lehen abantaila Jakarena izan zen. Berari egokitu zitzaion lehen sakea eta, oso bizi jokatuz, 1-4 aurreratu zen markagailuan. Ezkurdia urduri antzematen zen artean, baina, partidaren garrantzia kontuan izanda, normaltzat jo zitekeen tentsioz apur bat lotuta egotea.

Bere merituz baino gehiago, Jakari kanpora ihes egindako erremate batzuei esker lortu zuen arbizuarrak markagailua parekatzea (lehen berdinketa 5-5ekoan iritsi zen), eta pentsatzekoa zen horrek lasaiago jokatzeko aukera emango ziola Ezkurdiari.

Zaila da jakitea horrela izan zen edo ez, baina egia da tantoak gogortzen hasi zirenean Ezkurdia gehiago hurbildu zela bere bertsiorik onenera. 8-8koa izan zen, seguruenik, partidako tantorik gogorrena. 20 pilotakadatik gora izan zituen, eta arbizuarrak horma-biko ikusgarri batekin amaitu zuen bere alde. Jakari kosta egin zitzaion bere onera itzultzen, eta Ezkurdiak 11-8 aurreratzeko baliatu zuen, bi pilota jarraian zabalera ederki irekiz.

JAKA, BURUA GALDU GABE

Baina Jaka onik irten zen bere lehen krisialditik, eta gainera 11-12 aurretik iritsi zen lehen etenaldi luzera, bi tanto eder sinaturik: lehenengoa pilota txokoan motz bihurrituz eta bigarrena zabalean dejada bikainarekin. Atsedenalditik bueltan ez zen egoera asko aldatu, eta Jakak 11-15era arte luzatu zuen bere zazpi tantoko partziala.

Larri zebilen Ezkurdia ordurako, eta atsedenaldia eskatu zuen, bere buruarekin oso haserre. Eta lehen aukera honetan ongi irten zitzaion jokaldia. Aulkitik bueltan Jakak sakea motzegi atera zuen, eta aurkariari sakea berreskuratzeko parada eskaini zion. Nafarrak ez zuen oparia alferrik galdu; sakearekin batere asmatu gabe jarraitzen zuen arren, airez jokoa nahastuz, 16-15 aurreratzea lortu zuen.

Orduan inork ez zekien, baina horixe izango zen Ezkurdiaren azken tantoa aurtengo txapelketan. Hurrengoan horma-bikoa kanpora joan zitzaion Aspekoari. Erik Jakak sakea berreskuratu eta zuzenean joan zen 22ra. Aurkariak ez bezala, lizartzarrak asko asmatu zuen sakearekin azken txanpan ere, eta, tantoak azkar amaituz, uste baino erosoago lortu zituen garaipena eta finalerdietarako txartela.

«NIRE INTERESEN ARABERA»

«Oso pozik nago. Kosta zait berriz ere maila honetara iristea. Badakit oraindik ez dudala ezer lortu, baina niretzat sentsazio hauek bizitzea oso garrantzitsua da. Eskerrak eman nahi dizkiet lagundu didaten inguruko guztiei», ospatu zuen Jakak amaieran, garaipena «une gogorrak» pasatzen ari den bere izeba Marixeli eskainiz.

Neurketari buruz hauxe izan zen bere irakurketa: «Josebari irabazteko badakigu lan asko eta gogorra egin behar dela, baina uste dut ongi jokatu dudala. Akats batzuk egin ditut, baina, nik jokatzen dudan moduan jokatuta, ulergarria da huts batzuk egitea. Uste dut nire interesen arabera jokatu dugula. Agintea hartzen uzten badiozu, Josebak indarrez ateratzen zaitu. Gaur, ordea, oso deseroso aritu da bera eta uste dut nire merituz izan dela. Sakearekin eta bigarren pilotakadarekin min egin diot».

Oso bestelakoa izan zen Josebaren aldartea neurketa amaieran, bere buruarekin haserre. «Sentsazio oso txarrak ditut. Ez dut batere sakatu. Errestoan ere gaizki... Normala da urduritasun puntu bat izatea, baina 32 urte ditut eta ezin da horrela irten frontoira», adierazi zuen erabat amorratuta.