GARA Euskal Herriko egunkaria
ZORROZTARRIA

Etorkizuna arduretan, ez paduretan


Amorrualdiak etenik ez. Gaza-eskubideak gogoan. Gaur gaurkoz, giza-eskubideek Gaza-eskubideetan dute ispilua. Bizien hilerria. Bestelako holokaustoa, Nork-Nori-Zer aldatuta. Suntsitu, hondatu, erraustu, deboilatu... aditz asko baina amorru bera, zuzeneko emanaldian bistaratua. Odolak su gabe diraki. Han-hor-hemengo lurralde batean geroak izan dezakeen txarrena bertan etorkizunik ez izatea da, denbora orainaldian trabatuta geratzea, orainaldia betikotuz.

Arin batean pasatu zaizkit burutik segidan uda osteko hainbat gertaera. Marokon lurrikara batek milaka hildako utzi zituen, eta halako hiru zauritu, mendialdeko herrixketan batez ere. Zenbaki hutsak. Handik gutxira zikloi batek Libian ibai-urak oldartu eta oldeak urtegi-hormak eraitsita hondamena ekarri zuen kostaldeko hiri batean, hor ere hildakoak eta zaurituak zenbaki bihurtu zirela datorren urtean nazioarteko txostenen bateko estatistikak elikatzeko. Zaharrak berri. Eta gerrak, bikaintasun mailakoak barne; lehengoak eta uda ostekoak, agerikoak eta ezkutukoak, urrunekoak eta besteak... Gerretan gose gehien pasatzen duten herritarrak dira beti galtzaile, zein bandotan diren kontua ez dela; oraingoan baina, denak bando berean dira. Eskubideak eskura da bakea. Ze hil, denok hilko gara; baina egia da batzuk gehiago entrenatzen direla... hondamenik hondamen.

Lurrikarak, uholdeak... kausa naturalen ondorio naturalak? Bai zera, kimera! Klima aldaketa bera ere ez da naturala, kulturala baizik, gure bizimoduaren ondorio. Zer da bada kultura, bizimoduari lotzen ez badiogu? Akaso museotan sartu-irtenak neurtzen du kultura maila? Kimera! Koplari euskaldunak zioen bezala, «ez gara hain onak benetan». Kulturizatu gaitezen! Urdaibaik etorkizuna behar du gaurko arduretan, ez Frankenstein transgeniko bat paduretan, etorkeria.