GARA Euskal Herriko egunkaria

EAEko Hezkuntza Lege proiektuaren aurkako mobilizazioa Donostian

EAEko Hezkuntza Lege proiektua bertan behera uzteko eskatu zuen atzo Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak Donostian eginiko manifestazioan. Salatu zuten legeak eredu publiko-pribatuari eusten diola eta ez diela heltzen eskola publikoak dituen erronkei , baliabideak sare pribatura desbideratzen dituelako.

Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak Donostian deitutako manifestazioa. (Gorka RUBIO | FOKU)

Ehunka pertsona mobilizatu ziren atzo Donostian, “Euskal eskola publikoaren alde. Hezkuntza lege honi ez!” lemapean, EAEn ontzen ari den lege proiektua bertan behera uzteko eskatzeko. Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak deituta, ikastetxeen jabetza eta kudeaketa publikoan jarri zuen fokua, eta planteatzen den legeak hezkuntza publikoak aurrean dituen erronkei ez diela erantzuten argudiatu zuen.

Familia askok parte hartu zuten manifestazioan, Donostiako kaleetan zehar “Publikoa ez da pribatua” eta “Hemen gaude publikoaren alde” leloak oihukatuz. Ehige Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Konfederazioaren babesa zuen mobilizazioak, baita Heizeren (zuzendaritza taldeak) eta Steilas, CCOO eta ESK sindikatuena ere. Era berean, Ikasle Sindikatua, Ikasle Abertzaleak, Ikasle Ekintza eta Gazte Komunista antolakundeak deialdiarekiko atxikimendua adierazi zuten.

Lurdes Imaz Ehigeko koordinatzaileak lege proiektua atzera botatzeko eskatu zuen, babesten duten alderdi politikoen «fartsa» kritikatuta. Hedabideei eginiko adierazpenetan nabarmendu zuen proposamenak hezkuntza pribatuaren interesei baino ez diela erantzuten, eskola publikoak herritar guztiei kalitatezko hezkuntza eskaintzeko behar dituen baliabideak desbideratuz.

Talde politikoen artean, Ezker anitza-IUk babestu zuen protesta, baita Elkarrekin Podemosek ere. Miren Gorriotxategik esan zuen «aukera ezin hobea» galdu dela lege honekin eskola publikoa hezkuntza sistemaren ardatz egiteko.

Manifestazioa Bulebarrean hasi eta bukatu zen. Bertan, azken komunikatua irakurri aurretik Garbiñe Biurrun epaileak hartu zuen hitza, eta ikastetxe publikoek «edozein motatako ikastetxe pribatuek ematen dituzten hezkuntza eta gizarte prestazio guztiak» era eraginkorragoan eta jasangarriagoan eskaintzen dituztela nabarmendu zuen.

Funts publikoak titulartasun eta kudeaketa publikoko zentroen «sare bakar eta esklusibo batera» bideratzearen alde agertu zen Biurrun. «Ikastetxe publikoek euskalduntze osoa eskaintzen dute, gizarte-aniztasuna islatzen dute eta ikasleen eta familien elkarbizitza bultzatzen dute», defendatu zuen, sistema «zaharkituari» eusteko arrazoiak «betikoak» direla erantsiz: «Interes partikularrak, interes ideologikoak, alderdikoiak eta elite sozial, ekonomiko eta politikoei» eustekoak, «hezkuntzaren aldeko itun sozial batek izan behar duenaren kontrakoa».

«KEZKAK AREAGOTU DIRA»

Hezkuntza Akordioa sinatu zenetik «kezkak areagotu baino ez» direla egin adierazi zuen plataformak: «Ituntze unibertsala indartu du Hezkuntza Sailak. Herritar guztiona eta benetako zerbitzu publikoa den Euskal Eskola Publikoa sendotzeko neurriak hartu beharrean, sare pribatu-itunduaren alde jokatu du behin eta berriro». Beren iritziz, lege berriak ez du eskola publikoa lehenesten eta ez die dituen erronkei erantzuten, «ikastetxe guztiak merkatuaren logikan sartzen ditu».

Hezkuntza lege berriak izan beharko lituzkeen ezaugarriak zerrendatu ditu hezkuntza eragileak manifestazioaren karietara plazaratutako dekalogoan, eskola publikoaren izaera inklusiboa, laikoa eta unibertsala defendatuz eta «euskara erdigunean» izan behar duela argi aldarrikatuz. Horretaz gain, ikastetxeen «publifikazioa ahalbidetuko duen araudia sortu» beharko lukeela planteatzen du plataformak.