GARA Euskal Herriko egunkaria

Administrazioan euskararen aurkako erasoak salatzera deitu du LABek

Mobilizazioa antolatu dute azaroaren 4rako. (Aritz LOIOLA | FOKU)

LAB sindikatuak mobilizazioak deitu zituen atzo aste honetarako zenbait udal eta foru administraziotan, euskararen aurkako erasoak salatzeko eta Euskalgintzaren Kontseiluak azaroaren 4an Bilbon deitutako manifestazioan parte hartzeko deia zabaltzeko. ELAk ere bat egin zuen larunbateko mobilizazioarekin eta Lakuako gobernuaren “EAEko sektore publikoan euskararen erabilera normalizatzeko dekretua” kritikatu zuen.

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Aretoak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako toki erakundeetan hizkuntza ofizialen erabilera instituzionala eta administratiboa normalizatzeari buruzko 179/2019 Dekretuaren aurkako ebazpena eman du berriki, 2016ko Udal Legea garatzen zuen dekretuaren zenbait artikulu baliogabetuz.

LABen ustez, «eraso oso larria da» eta toki administrazioko langileei «are beharrezkoagoa zaie azaroaren 4ko manifestazioa indartzea».

Sindikatuak salatu zuen udal eta foru administrazioko langileek «epaileen eraso ugari» pairatu dituztela, langileei ez zaiela bermatzen euskaraz lan egiteko eskubidea, eta herritarrei, oro har, urratu egiten zaiela zerbitzu publikoa euskaraz jasotzeko eskubidea.

«Euskararen erabileraren kontrako oldarraldi judiziala bete-betean nozitzen ari dira udal eta aldundietako langileak. Hala, nabarmentzekoak dira hizkuntza eskakizunak ezartzearen aurka jotzen duten ebazpen judizialak», adierazi zuten.

Bada, LABek mobilizazioak deitu zituen atzo, azaroaren 4ko manifestazioari atxikimendua adierazteko «azken urteotan oldarraldi orokor hau pairatu duten zenbait udal zein foru erakundetan». Horrela, elkarretaratzeak egingo ditu Uliazpi Fundazioan eta Gipuzkoako Foru Aldundian (gaur, ELArekin batera), Laudioko Udalean (ostegunean), Barakaldoko Udalean (ostegunean, ELArekin batera) eta Iruñean (ostiralean).

ELA, KRITIKO DEKRETUAREKIN

ELA kritiko agertu zen Lakuako gobernuaren Administrazioetako euskararen normalizazio dekretuarekin. Azaroaren 4ko Bilboko manifestazioan parte hartzeko deia ere egin zuten.

«Egun, herritarrek ez dute bermerik administrazioetan euskaraz artatuak izateko» azaldu zuten. Halaber, gaineratu zuten ez dela erraza euskarazko zerbitzua eskatzea, bereziki «oso egoera zaurgarriak» direnetan: «Polizia kontrol batean, larrialdietan, epaitegien aurrean...».

Salatu zuten administrazioak ez daudela «gaituak euskaraz normaltasunez aritzeko». Adibide gisa jarri zuten Osakidetzako historia klinikoak erdara hutsean bakarrik betetzeko aukera izatea, edo Justizian, prozedura judizialetan euskararen presentzia %0,1ekoa izatea. Sindikatuaren ustez, «datu hori zapalkuntza sistematiko baten adierazpena da».