GARA Euskal Herriko egunkaria
JOPUNTUA

Erdogan eta Palestina


Harrigarria egingo zitzaien askori: «Zer zen Gaza palestinarra 1947an eta zer da gaur egun? Israel, nola iritsi zara hona, nola sartu zara? Okupatzaile bat zara, erakunde bat. Turkiar nazioak badaki. Mendebaldeak badu zorra zuekin, baina Turkiak ez dizue ezer zor. Erdoganek horrela hitz egiten dizue Turkia ez dagoelako zorretan zuekin».

Tenore bertsuko beste gauza asko ere esan zituen Erdogan turkiar presidenteak joan den ostiralean, Palestinarekiko elkartasuna adierazteko Istanbuleko aireportuan bildutako milaka eta milaka jarraitzaileren aurrean.

Mitinaren beroaldiko zerbait izan zitekeela sinetsi nahi izan dezaketenentzat, horra bi egun lehenagoko adierazpenetan zioena: «Hamas ez da erakunde terrorista bat, askapenaren aldeko borrokalari talde bat da, bere lurra eta herritarrak babesteko borrokatzen dena». «Israelek ez du ezer lortuko haurrak bonbardatuz, nahiz eta Estatu Batuen babesa izan». «Eskualdetik kanpokoek sutara egur gehiago botatzeari utzi beharko liokete; alde guztiek kendu beharko lituzkete hatzak katutik, eta su-etena aldarrikatu beharko litzateke berehala».

Zentzuzkoak ez ezik gizalegezkoak liratekeen hitzak, ezta? Ez behintzat gezur nabarmenak. Ekialde Ertaineko harreman politikoetan jantzi samarra denari, gainera, ez zaio horren deigarria egingo Erdoganek hala hitz egitea Hamasi buruz. Baina, agian, hartarako, ahaztu egin beharko du Turkia NATOko kidea dela; eta ez nolanahikoa, gainera. Eta Adanako Incirlikeko Aire Basea, Estatu Batuek atzerrian duten nagusietakoa, Mediterraneo-ekialde hura guztia «gobernatzen» duena dela. Arma nuklearren biltegia ere bai, bere garaian behintzat.

Barne-kontsumorako hitzaldia dela Erdoganena esango dit urliak. Bai horixe, baina hori da arazoa: Istanbuleko jendetzaren argazkiak banderaz estalita ageri dira; baina ez dira Hamasen ikur berdeak, ez eta palestinar lau kolorekoak, baizik gorri-gorriak. Turkiarrak.

Mintzamolde horren «turkiartasunak» kezkatzen nau ni. Historia dariolako alde guztietatik.