2023 URR. 31 AZKEN PUNTUA Greba Yasmine KHRIS Itzultzailea Pirinioez bestaldean jaio nintzen, eta gauza asko dakartza horrek. Horien artean bat egiatzat dut: grebak ikusi ditut. Greba asko. Greba grève frantsesezko hitzetik dator: belaunaldi aunitzek oraindik gogoan dituzte jende mareak tsunami gisa kaleak hartzen. Hezkuntza denontzat! Garraio publikoa! Lan legerik ez! Osasun duina!, eta abar. Irudizko kolektiboaren rola hartu du grebak: lelo, pankarta eta ohiko irudiez gain, deribatuak hasi ziren irudikatzen. Ongi dakite CGTkoek: saldu dira haien diamante txano guztiak, sindikatuaren sigla daramatenak. Sold out. Biba greba (eta merchandisinga)! Historikoki, greba egiteko eskubidea berandu samar lortu zuten langileek. Espainian 1977an eta Frantzian 1946an. Halere, historialariek diote Egipton izan zela lehenbiziko greba, K. a. 1166an, Ramses III.aren erregealdian. 120 langilek oldartu zitzaizkion faraoiari. Geroztik, milaka greba ikusi ditugu guk munduan zehar. Gu aktore izan edo ikusle izan. Eta argazki album aberatsa izan arren, nire amak sorpresa aurpegia jarri zuen sakelakoaz bestaldetik, esan nionean «greba feministara» goazela. Hau ez zuen inoiz entzunda, eta ama irakaslea da institutu publiko batean Frantzian, pentsa. Biba greba!