GARA Euskal Herriko egunkaria

Iruditeria


Xabier Aldekoa kazetariak NAIZ kazetan agertutako elkarrizketa batean dio aitak kontatutako ipuinek sortu ziotela Afrikarekiko grina. «Palmondo batera igotzen nintzen eta bertatik jirafa bat ikusten nuela uste nuen; nire anaia Danik, berriz, lehoi bat entzuten zuen; nire arrebak, hipopotamo bat». Iruditeria fantastiko bat hazi zen kontakizunen ondorioz, eta iruditeria hori bizitza guztirako txertatu zitzaion, 20 urte Afrikan erreportari lanetan ematera bultzatzeraino.

Paul Urkijo zinegileak behin baino gehiagotan esan du bere filmetan euskal mitologia ardatz izatearen arrazoia txikitan kontatzen zizkioten ipuinetan dagoela. Bere buruan imajinatutako istorioak, pertsonaiak eta mundu magikoa besteei eskaini die pantaila handian, arrakastaz gainera. Horren albo-ondorio izan da euskal mitologiako kontakizunak, pertsonaiak eta iruditeria milaka laguni heldu zaiela, baita Euskal Herritik kanpo ere.

Askotan uste da haurrei ipuinak kontatzea denbora-pasa dela, dibertimentu bat; eta hori egia izanik, interesgarriena da horien imajinarioan ezartzen den bonba fantastikoa, Rodarik esango lukeen gisa. Eta iruditeria horretan bada zerbait arrunt garrantzitsua: beste norbaiten ahotik entzuna dela. Kontatuko dionak bere iruditeria txertatuko du kontakizunean, haur entzuleak berearekin aberastu dezan. Eta horri transmisioa deitzen zaio. Iruditeriaren aberaste horretan kultura bat aberastuko da, bere bidea eginez.