GARA Euskal Herriko egunkaria

Eman gabekoa


Unceded land” (eman ez den lurra) kontzeptua erabiltzen dute Turtle Islandeko biztanleek, hots, kolonoek Ipar Amerika izendaturiko lurraldeetako herri indigenek, legez Britainiar Koroari, AEBei zein Kanadari eman ez zizkioten lurrak izendatzeko. “Unceded land” du izenburu iaz Piskataway herriaren asaben lurraldean bizi den Issam Zineh poeta eta zientzialari palestinarrak argitaratu zuen poema liburuak.

Kolonialismo egoiliarraren pean (ingelesez, settler colonialism) bizi direnen errealitatea da beren lurraldeetatik desplazaturik egotea. Hala da Turtle Islanden zein Palestinan. Eta horretaz dihardute, hain zuzen, Zinehren poemek: fisikoa ez ezik historikoa, psikologikoa eta emozionala den desplazamenduaz, zeinetan biziraupenak berak babesgabe eta zaurgarri bihurtzen duen bat. “Catastrophic Sonnet” (Hondamenezko sonetoa) poema, esaterako, Nakbarekin abiatzen da. Narratzailearen aitonak, hondamendiaren ondorioz etxea galdu zuten gainerako palestinarrek bezala, orain arte gorde duen giltzak bizirik mantentzen du galdutakoaren memoria eta, aldi berean, narratzailearen familiaren desplazatu kondizioa seinalatzen du.

Gazteen bizitzak ere desplazamenduak markatuta daude, hura eragin zuen inperialismoak bezainbeste. Narratzaileak dio: «Nire umeak inperialismoarekin maitemindu ziren udan / Londresen. Lorategietan ondarea aurkitu zuten». Londresko lorategiek palestinarren harrotasuna diren olibondo zelai lorategiak dakartzate gogora. Baina azken horiek okupatuta daude, suntsituak izan ez badira.