2023 AZA. 04 Mugimendu abertzalean adostasun handia dagoela agerian jarri du Bagiraren inkestak 2023 eta 2024ko Aberri Egunen artean Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzalearen egungo eta etorkizuneko erronkei egokitzeko Bagirak plantan eman duen dinamika aurrera doa. «Barne kohesio maila handia dago, baita balore historikoei atxikimendua ere». Horra hor maiatz eta uztail artean eginiko galdeketak utzitako irakaspenak. Bagira dinamikaren Batzorde Eragileko kideek agerraldia egin zuten atzo Baionan. (Guillaume FAUVEAU) Maite UBIRIA BEAUMONT Itsasuko Agiriaren 60. urtemuga kari eginiko Aberri Egun arrakastatsuaren ostean, Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzaleak aitzina begira dituen erronken gainean inkestari bide eman zion Bagirak. Maiatzean hasi eta uztail hondarrera arte luzatutako galdeketa horrek utzitako irakaspen nagusiak plazaratu zituzten, atzo, dinamika horren kideek Baionan. Lehenik eta behin, aipaturiko inkestan 1.500 lagunek parte hartu izana goraipatu zuten. «Mugimendu abertzaleak elkartzeko eta gibeltasun eta gogoeta tarte baten hartzeko gaitasuna erakutsi du, oinarrizko gaien inguruan gogoetatzeko eta etorkizunerat baturik proiektatzeko», adierazi du, horren harira, Bagira prozesuaren gidaritza batzordeko kide den Txomin Povedak. Erantzuleen profila anitza izan dela nabarmendu eta gero, azaldu du inkestaren emaitzek agerian jarri dutela «mugimendu abertzaleak kohesio argia duela erronka handien inguruan». Oinarrizko adostasun maila altu hori azken urteotan Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzaleak eremu zabalean jokatzeko erakutsi duen gaitasunarekin lotu dute inkestaren egileek. Ildo beretik, dinamika horiei esker lortu diren behin-behineko aitzinamenduek atxikimendu handia lortzen dutela agerian utzi du, haien esanetan, inkestak. Hala, «gatazkaren ondorioen konponbidean hozka bat gainditu dela Ipar Euskal Herriko presoen askatzearekin» defendatzen dute inkestan parte hartu dutenek. KONPONBIDE INTEGRALA. Edonola ere, «gatazka politikoaren konponbide integrala lortzeko bidean, inkesta bete dutenek euskal preso politiko guztien askatzeko lehentasunezko helburu izaten jarraitzeko garrantzia azpimarratzen dute haien erantzunetan, baita arrazoi politikoen gainean lantzeko premia ere». Abertzaletasunaren betiko oinarri historikoei atxikimendu maila handia erakusten diete, bestalde, galderei erantzun dieten herritarrek. Betiere internet bidez zabaldu den galdeketa Ipar Euskal Herri mailan egin dela aintzat harturik, erantzuleen %87,5ek autodeterminazio eskubidea babesten dute, %80,7k autonomia eta %68,3k independentzia. Oinarri horiekin batera beste hainbat gai «ezkerreko abertzaletasunaren corpus ideologikoa aberastera» etorri dira azken urte hauetan. Hala, «sozialismoari soilik ez, ekologismoari eta feminismoari lotzen zaio jendea». AUTONOMIA ESTATUS BAT. «Ekintza instituzionala gero eta inportanteagoa dela eta beste borroka moldeekin osagarria dela» pentsatzen du inkestari erantzun dion gehiengo batek. «Estrategia anizkoitza defendatzen dute», lehenik eta behin gaur existitzen den erakundearentzat gaitasun maila ahalik altuena aldarrikatuz. Halaber, «autonomia estatus berezia» hobesten dute Ipar Euskal Herriarentzat. Zazpiak Bat aintzat harturik, Euskal Herri mailan «instituzio bati buruzko desmartxa berrabiatzea» galdegiten dute. Euskara, borroka sozialak, laborantzako lurren defentsa, etxebizitza, klima aldaketa; horiek dira inkestan parte hartu dutenek zehaztu dituzten bost lan eremu nagusiak. Izan ere, generoen arteko berdintasunaren aldeko borroka edota belaunaldien berritzea eta gazte dinamikak sustatzea ere aipatzen dituzte erronka garrantzitsuen artean. Azaro eta abendu bitartean tokiko bilera zenbait eginen du Bagirak, emaitzen berri emateko eta diagnosian sakontzeko. Horrez gain, egutegian data batzuk finkatu ditu. Halatan, abenduaren 2an, Xuti Gazte-ren eskutik, Gazte Eguna iraganen da Hazparnen. Urtarrilaren 27an, berriz, mugimendu abertzalearen jardunaldiak antolatuko ditu Bagirak. UZTARITZEEl proceso Bagira culminar�� en 2024 con un Aberri Eguna ��popular y reivindicativo��. La cita, el 31 de marzo, con el...