GARA Euskal Herriko egunkaria

Zumarragako gazte bat larri dago, Bruselan jipoitua izan zenez gero


Zumarragako 19 urteko gazte bat, Soufyane Elimrani, egoera kritikoan dago, Bruselako Molenbeek auzoan 30 bat gaztek jipoitu zutelako, hango hedabideek argitaratu dutenez. Erasoen nondik norakoak zehazteko ikerketa zabalik da.

Erasoa azaroaren 1ean gertatu zen, eta hezur haustura ugari eragin zituen Soufyaneren aurpegian eta buruan. Horren ondorioz, koma egoeran dago.

Espainiako Kontsuletxeko iturriek atzo baieztatu zuten albistea, duela ia astebete gertatua. Egun, «bere bizitzaren alde borrokan» ari da zainketa intentsiboetan, RTL kateak adierazi zuenez.

30 PERTSONAK JIPOITUA

Soufyanen familia Marokotik heldu zen Euskal Herrira eta Zumarraga hartu zuten bizitokia.

Gaztea larri zaurituta aurkitu zuten Beekkanteko metro geltokiaren irteeran, eta bi lekukok RTLri esan zioten 30 pertsona inguru hurbildu zirela eta metalezko objektuekin, beisboleko bateekin edo patineteekin kolpatzen hasi zirela.

Fiskaltzak bere gain hartu du kasua. Belgikako agentziari azaldu zionez, hilaren 1ean, 21.05ak aldera, Brusela Mendebaldeko polizia-zonak dei bat jaso zuen, esanez pertsona bat bide publikoan etzanda zegoela. Polizia bertaratu zenean, larrialdi zerbitzuak lehen arreta ematen ari zitzaion biktimari, larrialdietako unitate mediko baten zain. Biktimak hainbat zauri zituen buruan, eta arnasa hartzeko zailtasunak. Egoera kritikoan eraman zuten ospitalera.