GARA Euskal Herriko egunkaria
Elkarrizketa
Mireia Saiz
Osasun Publikoaren Aldeko Plataformako kidea

«Osasungintza justizia soziala bermatzeko ardatza da»

Osasun publikoaren aldeko plataformek mobilizazioak antolatu dituzte Bilbo, Donostia eta Gasteizen larunbat honetarako. Plataformako kide Mireia Saizek Osakidetzaren pribatizazioak aurrez zehazturiko bide-orri bati jarraitzen diola azaldu du NAIZ Irratian.

Mireia Saiz, Gurutzetako ospitalean. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Gaur egun osasungintza publikoaren aldeko herri plataforma gehiago daude eta elkar koordinatzen hasi zarete. Nola jaio da elkarlan hau?

Egoeraren larritasunaz eta herritarrok herriz herri bizi izan ditugun egoerei aurre egiteko bildu gara. Osasungintza publikoaren desegitea aurrean dugun errealitatea da. Gure larruan bizitzen ari gara herritarrok, eta elkartasuna eta elkarlana guztiz beharrezkoak dira.

Herri plataforma hauetan langileak eta osasun publikoaren erabiltzaileak harremanetan jartzen dira. Zeintzuk izaten dira erabiltzaileen kexak eta zer erantzuten diete profesionalek?

Pribatizazioaren eta murrizketen ondorioak ikusten dituzte herritarrek. Itxaron zerrendak nolakoak diren, etengabeko arreta emateko guneak ixten ari direla, osasun zentroetako arreta-ordutegien murrizketak, aurrez aurreko arreta lortzeko zailtasunak eta horrek suposatzen duen arrakala digitala, eta lehen mailako arretaren kolapsoa. Hau ere langileentzat gogorra da.

2023ko apirilean manifestu bat plazaratu zenuten, euskal osasun sistema publikoak jasan duen okerragotzea plazaratzeko.

Batzuetan esaten da kudeaketa txarraren ondorioa dela bizitzen ari garen egoera, baina ez da horrela. Murrizketa eta sistema publikoaren desegitea lehenagotik datoz; badago bide-orri planifikatu bat sistema publikoa argaltzeko, interes pribatuen alde. Uste dugu hau programatuta zegoela, eta hala islatzen da Osakidetzaren egungo egoeran. Haiek sortu dute arazoa, eta zein da orain saltzen diguten konponbidea? Kolaborazio publiko-pribatu famatu hori. Klinika pribatuetara pazienteak desbideratzea, horrek duen kostuarekin. Kudeaketa txarraz hitz egin beharrean, hobe da bide-orri programatu horren ondorioei buruz aritzea.

Medikuarekin zita lortzeko asko itxaron behar da; hori da gehien entzuten den kexetako bat. Zergatik dira luzeagoak epe hauek gaur egun?

Lehen arretarako inbertsioak murriztu egin dira eta gero eta profesional gutxiago daude, gure profesionalak oso gaizki zaintzen ditugulako eta ez bakarrik medikuak, erizainak, administrariak, garbitzaileak ere bai... Denak dira lantaldearen parte, eta lantaldea ez da zaintzen. Lehen mailako arreta alde batera utzi da, arreta espezializatura bideratuta dauden inbertsioak egin direlako. Lehen arreta erdigunean jartzea eskatzen dugu eta osasun publikoaren sistemaren ardatza izatea. Gaur egungo egoerak dakarren ondorio zuzena da itxaronaldiak luzatu egin direla, arrakala digitalaren ondorioz ere. Orain zitak medio digitalen bitartez eskatu behar dira eta horrek jende askorentzat arazoa dakar.

Larunbatean eredu aldaketa ere aldarrikatuko duzue. Langileen baldintzen eta langile beharraren inguruko aldarrikapenak ere ezagunak dira. Zaila izango da publifikazioa sustatzea langileen egoera nolakoa den jakinik...

Badakigu, harremanetan gaude eta Osakidetzako langile askorekin lan egiten dugu. Pribatizazio prozesuaren ondorioz lan baldintzak gero eta okerragoak dira, eta, gure ustetan, publifikatze hau ere onuragarria izango litzateke langileentzat. Izan ere, pribatizazioa aurrera eramateko modu asko daude, ez bakarrik pazienteak desbideratzearen bidez, zerbitzuak kanporatuz eta azpikontratazioa sustatuz. Horrek prekaritatea ekartzen du eta pazienteentzat ere kaltegarria da.

Politikoki eztabaida sortu duen elementua da garai bateko administrazio publikoko zenbait kargudun osasungintza pribatuko administrazio kontseiluetara pasatu direla.

Bai. Interes pribatuak interes publikoen gainetik jartzen direla erakusten du. Interes kolektiboa babestu beharrean, beren ardura interes pribatua babestea dela erakusten du. Osasungintza justizia soziala bermatzeko ardatza da. Ezin dugu onartu Osakidetzako eta Gobernuko arduradunek interes pribatuak lehenestea.