GARA Euskal Herriko egunkaria
ATHLETIC

«Handia da saria, irabazten badugu»

Ernesto Valverde, San Mamesen. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Ernesto Valverderi ez zaizkio apaingarriak gustatzen. Eta atzoko prentsaurrekoan, berriz ere, hori erakutsi zuen: galdera guztiak motz eta zuzen erantzun zituen. Zuri-gorriek gaur jokatuko dute Celtaren aurka San Mamesen (21.00etan). Azken jardunaldietan Galiziako taldea epaileen erabakien nahasmenekin zipriztindu da, nahiko kaltetuta atera baita epaileek hartutako zenbait erabakirekin.

Valverderi horren inguruan galdetuta, prestatzaileak esan zuen epaileak ez duela zertan Celtaren alde ebatzi: «Talde guztiek pentsatzen dugu beti gauza batengatik edo bestearengatik epaileak kontra ditugula. Hala ere, Celtarena deigarria da, bereziki, Sevillaren aurkako azken partida, baina ez du zerikusirik gure partidarekin. Gurea beste neurketa bat izango da, eta ez dut zalantzan jartzen epaileak bere lana behar bezala egingo duela».

Galiziako taldea ez dabil bolada onean, jaitsiera postuetan da. Hala ere, Valverdek nabarmendu zuen markagailu oso estuak izan dituztela, Athletico de Madrilen aurkako partidakoan izan ezik: «Ate aurrean ez dira asmatzen ari, aurkariaren areara ondo iristen den taldea da, hutsuneak ondo aprobetxatzen dituzte. Denboraldia astuna izaten ari da haientzat, ez dituztelako partidak aurrera ateratzen. Dena den, uste dut haien aurka aritzeko talde zaila dela; espazio gutxi uzten dituzte jokatzeko, eta kontraerasoan azkar jotzen dute. Aspas, Jonathan Bamba... talde arriskutsua da».

«Aukera handia» Celtaz ez ezik, gidatzen duen taldeaz ere aritu zen Athleticeko prestatzailea, eta adierazi zuen ezinbestekoa izango dela jokalariek joko ona egitea, taldeak zaleekin bat egiteko: «Aurkariak badaki San Mamesek izutu egiten duela. Jokalariek zaleak hauspotu behar dituzte». Zuri-gorrientzat gaurko partida irabaztea «aukera handia» dela adierazi zuen Valverdek, sailkapenari begira, bosgarren postuan sendotzeko. «Dena oso orekatuta dago. Celtaren eta gure artean dagoen aldea handia da puntuetan, baina badakigu haien parekoak garela, eta puntuak ateratzeko sufritu egin beharko dugula. Sari handia dugu, eta dena eman beharko dugu irabazteko».

Athletic olatu aparretan dabil, Vila-Reali irabazi ondotik. Lehenengo hamabi jardunaldietan 21 puntu lortu ditu, iazko kopuru berbera, baina txapelketako talde indartsuenen aurka jokatuta.

Valverdek atzoko entrenamendu saioaren ostean erabaki zuen Aitor Paredes deialdian sartzea. Raul Garcia ere barruan dago; ez, ordea, Herrera. Zuri-gorrien entrenatzaileak aipatu zuen nafarrak ez duela arazorik izango gaurko partida jokatzeko; Ander Herrerarekin, ordea, patxadaz aritu nahi du, bakarka entrenatu delako astean zehar.