GARA Euskal Herriko egunkaria

Apartekotasuna (I)


Gertaera tragikoen oroitzapen jarduerei dagokionez, 1980ko hamarkadan Alemaniako Errepublika Federalak abiarazi eta, harresiaren erorketaren ostean, Alemania batuko gobernuak bere gain harturiko Shoah-ren memoriaren kudeaketa eredugarritzat jo izan dute askok, direla politikariak, direla akademikoak. Alemanian “vergangenheitsbewältigung” (iragana gainditzeko ahalegina) bezala ezagutzen den kudeaketa modu hau ukatu ezin den ideia batean oinarriturik dago: Shoah aparteko gertaera bat da. Bere garaian, apartekotasuna ezinbesteko ezaugarritzat jo zuten, iragana berriro errepika ez zedin.

Denborarekin, ordea, argi geratu da Shoahren apartekotasunak memoria hierarkia bat sortu duela Alemanian. Shoah indarkeriazko beste gertaera batzuekin konparatzeak zentsura eta ondorio legalak ekar ditzake, eta Shoah ez diren indarkeriazko gertaerak bigarren mailakotzat jotzen dira, aintzat hartuak baldin badira. Hona adibide bat: 2004an XX. mende hasieran Namibiako herero eta nama jendeen genozidioa aitortu zuen lehen aldiz Alemaniak, baina 2021era arte ez zuen kalte ordainik ematea onartu. Dirudienez, Alemania beldur zen, Namibiari kalte ordainak emanda, herero eta nama jendeen genozidioa Shoahren pareko bihurtuko zela, eta Shoah bera “beste” genozidio bat izatera igaroko zela. Hortik, 2016an bi herrialdeen arteko negoziazioetan, Alemaniaren izenean jardundako Ruprecht Polenzek argi utzi izana Shoah eta Namibiako sarraskiak konparaezinak direla. Komentarioak, jakina, herero eta nama jendeen ordezkariak sutu zituen.