GARA Euskal Herriko egunkaria

Andre arrazializatu eta migratuen hogei talde ez doaz A30eko grebara

Euskal Herriko hogei kolektibotako kideek adierazi dute ez dutela azaroaren 30eko grebarekin bat egingo, emakume arrazializatu, migratu eta ijitoek ez dutelako grebarako eskubiderik. Kritikatu zuten, halaber, mugimendu feministak «baztertu» egin dituela.

Grebarako eskubiderik ez dutela agertu zuten Zumaian elkartu ziren emakumeek. (Gorka RUBIO | FOKU)

Hogei kolektibotako hainbat ordezkari Zumaian elkartu ziren atzo, mugimendu feministak azaroaren 30erako deitu duen greba feminista orokorra ez dutela egingo esateko. Bi arrazoi eman zituzten: emakume arrazializatu, migratu eta ijitoek ez dutelako grebarako eskubiderik, eta «nagusiki zuria» den mugimendu feministak «baztertu» egin dituelako.

«Mingarria» egiten zaien arren, erabaki irmoa hartu dute Euskal Herriko hogei kolektibotan militatzen duten andrazko migratu, arrazializatu eta ijitoek. Zaintzarako eskubide kolektiboaren diskurtsoarekin ados badaude ere, uste dute greba ez dela honen alde egiteko tresna aproposa. «Greba, patronalari presio egiteko langileek duten tresna bezala ulertuta, arautu gabeko espazioetan eta babes sindikalik gabe lan egiten dugun pertsona arrazializatu, migratu eta ijitoak kanpoan uzten gaituen estrategia da», azaldu zuten.

«Subjektu politiko» gisa parte hartu ezin dezaketen tresna honen alde egiteak, esan zutenez, «menpeko» posizio batera azpiratzen ditu.

Euskal Herriko mugimendu feministak, «nagusiki zuria» denak, «baztertu» egin dituela kritikatu zuten, esanez «beste behin ere» gonbidatu dituela planteamendu «itxi» batera batzera, eta zenbait espaziotan ez dituela haien aldarrikapenak entzun.

MF «DESKOLONIZATU»

Mezu argia zabaldu zuten: «Arrazakeriaren aurkako feminista deskolonialak garen aldetik, gure kolektiboen aitortza eskatzen dugu, baita guk geuk gure borrokei buruz hitz egiteko dugun gaitasuna aitortzea ere. Ez da nahikoa egun bateko ekintza sinbolikoekin edo gure aldarriak zuen manifestuetan idaztearekin. Entzun behar gaituzue, zuen agendak eta estrategiak berrikusi ikuspegi antirrazistarekin. Ezinbestekoa da arrazakeria kolonialaren aurkako erreparazio historikoan aurrera egiteko».

Halaber, «feminismoa deskolonizatu» behar dela azpimarratu zuten, gogoraraziz egungo zaintza sisteman generoaren logikak bezainbesteko indarkeria dakartela logika «arrazista eta kolonialek».