GARA Euskal Herriko egunkaria
ZORROZTARRIA

Konponbideak eta horkonponbideak


Ikuspen arazoa, seguruenik, gurea. Begiratu egin egiten dugu, begiekin begiratu ere, baina ikusi? Hori beste gauza bat da. Are gehiago, batzuek begiratu ere ez dute egiten, aurrera behintzat ez; behera bai, ia beti, esku artean duten ez dakit nik zenbat G-ko smartphone zer horri begira ere. Demonio! Kolpea gero! Aurrerabide esaten dio euskal hiztegiak progreso ei den zer horri! Baina zelan izan daiteke aurrerabidea, aurreikusteko gaitasunik ez badugu? Areago, atzera ikusteko gaitasunik ere eskas, sarri, tortikoliaren beldur edo. Azken finean, nondik gatozen hor dago, iraganak duen ona gertatu egin dela baita; bestelakoa da geroa, hori ez dago idatzita, norberak idatzi behar du, egunero hasten den geroan.

Zertara dator hau Murgoitio? Ez dakit, idazten hasi eta… Tira, gaurko harira! Saiatuko! Aurreikuspena baino gehiago auto-itsumena da gurea. Ez gara gai izan gero eta hurbilago daukagun Ekialde horretan nonoiz gertatu behar zen hori denboraz ikusteko; misilen pandemia, ospitaleetan! Ez gara gai aurrez ikusteko ekialdea edonon izan daitekeela bihar-etzi, mendebalean ere. Poeta harena moldatuta: ikusmen txarrekoa izan baino txarragoa dugu okulista txarra izatea. Kontuak atera! BPG madarikatuaren datorren hiruhilekoa aurreikusterik ez dugu, ez, baina larriagoa dugu gaur han-hor-hemen gorpuzten ari diren bihar-etziko balizko gertaerak aurreikusteko ikusmenik ez izatea. Ez gara hain onak benetan, gure koplariak kantatu legez.

Horra! Justiziatik datoz politika egiten. Eta gu politikatik goaz justizia egiten. Bestelako politika bestelako justiziarako. Biribilgunez jositako ibilbidea dugu aurrean ikusgai. Bide-mapa matazatu honetan irtenbide egokia bilatzea dugu une oro erronka, arazoen konponbide iraunkor izan dadin. Bestela horkonponbidea izango da, momentukoa, hemen eta han.