GARA Euskal Herriko egunkaria
ALPINISMOA

Phurbi Chhyachu-ren bigarren igoera absolutua kasik lortu dute

Mikel Zabalzak, Juan Vallejok eta Iker Madozek osatutako taldea seimilakoaren gailurretik 50 metrora geratu da. Lehen igotzaileek ez bezala, euskal sokadak estilo arinean jardun du.

Hiru protagonistak kanpaleku nagusian: Madoz, Zabalza eta Vallejo. (Iker MADOZ)

Esango duguna, maiz aipatzeaz gain, oso agerikoa da: mendizaleentzat eta alpinistentzat gailurra da helburu nagusia. Berdin dio erabiltzen den estiloa, estrategia edo logistika. Garrantzitsuena tontorrera iristea da. Jakina, jardueraren lehen zatia da hori; ondoren, kanpaleku nagusira onik iristeko jaitsiera egoki bat egin behar da.

Orriaren beste aldean, berriz, ekinaldi onak daude. Askotan gutxiesten direnak. Tontorretik gertu egon eta, faktore ezberdinengatik, atzera egiteak badirudi ez duela balio bera. Eta neurri batean, alpinista batzuek hori onartzen dute. Hots, ginga jarri behar da.

Halako egoera batean izan dira hiru euskal alpinista. Mikel Zabalza, Juan Vallejo eta Iker Madoz Phurbi Chhyachu mendiaren (6.637 m, Himalaia) bigarren igoera absolutuaren bila irten ziren, eta, oso gutxigatik bada ere, soilik 50 metroko desnibelagatik, “sari” hori gabe geratu dira. Oso gertu izan dute, baina baldintza kaskarrengatik atzera egin zuten.

Bigarren igoera absolutua aipatzen genuen; izan ere, lehena duela hiru hamarkada izan zen. Talde japoniar-nepaldar bat izan zen protagonista. Hemezortzi alpinista ziren talde horretan, eta garai haietako estilo tradizionalarekin mendebaldeko ertzari jarraitu zioten. Tontorra, berriz, zazpik erdietsi zuten.

Zabalza, Vallejo eta Madozek, berriz, estilo arinean jardun dute. Baina, beste talde horrek ez bezala, hego-ekialdeko ertza aukeratu zuten. Bi ekinaldi behar izan dituzte. Lehenbizikoan, haize bolada gogorrengatik, 6.200 metrora iritsi eta jaitsi egin ziren. Eta aurreratu dugun bezala, bigarrenean 50 metroko desnibela gainditzea falta izan zitzaien tontorra zapaltzeko.

Euskal espedizio honen hastapenei begiratzen badiegu, bi urte atzera egin behar dugu. Dorje Lakpa menditik Mikel Inorizarekin batera jaisten ari zirela, Zabalza eta Madoz Phurbi Chhyachuk konkistatu zituen. Seimilako hori Nepalen eta Tibeten arteko mugan dago, eta Madozek aipatu du oso erakargarria dela: «Oso garaia iruditu zitzaigun. Jugal Himal mendilerroaren hegoaldean dago, eta oihanetik gertu. Horrek, besteak beste, klima nolakoa izango den ez dizu batere ziurtatzen. Espoloi ederrak ditu, eta soilik aukera izan genuen ateratako argazkiak aztertzeko. Erakarri egin gintuen; izan ere, ingurumari hori oso bakartia da. Hego isurialdea, gainera, polita iruditu zitzaigun. Hiru bide aztertu genituen; horietako bi espoloiak ziren. Bestea, berriz, japoniarrek igotako ertza zen. Horretaz gain, horma handia du; 2.500 metroko desnibelekoa. Eta, gainera, mendiak 6.637 metro ditu. Finean, abentura bat izan da. Igoera bakarra zuenez, esploratzen jardun dugu. Guk dakigunez, bederen, japoniarren igoera hori dago. Bertako biztanleek adierazi digute inguru hartan ez dela inor ibiltzen».

Euskal alpinistok turisten eta mendizaleen arrastorik ez dagoela argi eta garbi ikusi zuten. Izan ere, kanpaleku nagusira egiten den hurbiltze bidea oso nahasia izan zen. Madozek baieztatu duenez, galdera asko askatu behar izan zituzten: «Bertako artzainekin oihanean bide egokiena zabaldu behar izan genuen. Jendea ez da ingurumari hartatik igarotzen; ia ez dago biderik. Sona handia duten trekking-etan bidea oso argia da. Gure kasuan, oihanean hiru egun egin genituen bidea zabaltzeko. Bitxia bada ere, amaieran trekkingetan oso ohikoak diren harkaitzezko eskailerak zeuden. Badirudi, bertakoek turismoa sustatu nahi dutela. Zaila izango dute, besteak beste, haran hori oso malkartsua delako».

BI EKINALDI

Lehen lan horiek bukatu eta 3.800 metrora kanpaleku nagusia antolatu zuten. Bigarren lana girora egokitzea zen, eta horretarako igo gabe zegoen mendi bat aukeratu zuten. Lehen lau egunetan, euriak oinarrizko kanpalekutik irten gabe utzi zituen: «Seimilako bat zen, eta ez zuen igoerarik. Teknikoki ez du aparteko zailtasunik; alabaina, zer edo zer eskalatu genuen. Gehienez, 70°-ko aldatsak. Soka soilik bi luzetan erabili genuen. Oso estetikoa da, eta ondo pasa genuen. Onartu behar dut pozarren geundela gailurra lortzeagatik. Eta hori diot, iazko espedizioan ez bezala, ez ginelako etxera esku hutsik itzuliko. Mendi horri Phurbi Txiki izena jarri diogu, eta, gutxi gorabehera, 6.140 metroko garaiera du».

Arrakasta horri oraindik beste ginga bat jartzea falta zitzaien. Esan bezala, “sari” nagusia Phurbi Chhyachu mendia zen. Eguraldia ez zen batere egonkorra baina, halere, lehen ekinaldi bat egitera irten ziren. Madozek aipatu digu hego-ekialdeko ertza zain zutela: «Phurbi Txikitik jaitsi eta atseden hartzen hiru egun egin genituen kanpaleku nagusian. Lehen ekinaldian 6.200 metrora atzera egin genuen. Aklimatazioa ez zen oraindik guztiz egokiena, eta, gainera, haizete gogorrek ondo baino hobeto astindu gintuzten. Eginiko kalkuluak ez ziren onak izan eta, gaua pasa eta gero, biharamunean jaitsi ginen. 4.900 metrora, biltegi batean, tresneria utzi genuen bigarren saialdian erabiltzeko».

Atseden hartzen ari ziren bitartean, eguraldia ez zen egonkortu. Haizeteez gain, egunak joan ahala giroa asko hoztu zen; hots, tenperatura dezente jaitsi zen. Nahiz eta espero zuten leiho ona ez zen iritsi, hirukoteak bigarren ekinaldi bat egitea erabaki zuen: «Urriaren 23an oinarrizko kanpalekutik irten ginen. Oihanetik gertu ginenez, eguerditik aurrera hodeiak agertzen ziren eta zerua lainotzen zen. Prezipitazio gutxi, baina erabat lainotuta. Gainera, haizete indartsuak izan genituen: 40-50 kilometro ordukoak. Eguzkitan epel geunden, baina itzalean hotz handia egin zigun. Ertz zorrotz horretan, 6.000 metrora, berriro geure denda txikia jarri genuen. Biharamunean, eguraldi ona genuen, baina hotzak irteera atzerarazi zigun. Erritmo ona generaman, baina goizeko hamaiketatik aurrera lehen lainoak azaldu ziren. Horrekin batera, haize gogorra. Horrek guztiak erritmoa mantsotu zuen».

Arratsaldeko hiruretan, gailurreriako erlaitzetan zirela, eskalada bertan behera uztea erabaki zuten. Tontorra gertu zuten, baina ikuspena oso txarra zen. Gainera, aurretik soilik bi ordu eta erdiko argitasuna zuten. Madozek dio ez zuela merezi han goian bide egokitik aldentzea eta erabat galduta ibiltzea: «Zentzuz jokatu ondoren, jaistea erabaki genuen. Dendara gauez heldu ginen; erabat izoztuta. Ez dugu gailurrik lortu, baina oso pozik gaude hirurok egindako lanarekin. Pena handia hartu dugu tontorretik 50 metrora geratu garelako. Eguraldiak ez digu batere lagundu; alabaina, mendiaren baldintzak ez dira hain txarrak izan. Goialdean elurra ondo zegoen, baina ertz horretan ez zen batere egonkorra. Nahiko sakona aurkitu genuen. Izotza, berriz, ona. Phurbi Txikin ez bezala, azken mendi honetan luze gehiago egin ditugu. Harkaitzaren kalitatea ez zen oso ona, baina ez zituen zailtasun tekniko handiak. Gehienez ere, laugarren mailakoak. Izotzean, berriz, gehienez 80°-ko aldatsak».

Horrenbestez, euskal alpinistok pozik daude Phurbi Chhyachu mendian eginiko lanarekin. Ez dute gailurra lortu; hots, bigarren igoera absolutua baina, Madozek esan duenaren arabera, estilo arinean esplorazioa eta abentura uztartu dituzte: «Oso balorazio ona egiten dugu. Oporrak izan dira, eta ondo pasa dugu. Elkarren artean harreman ona izan dugu. Mikelekin asko eskalatu dut, baina lehen aldia nuen Juanekin. Beraiek beteranoak dira, eta eskarmentu handia dute. Baieztatu didate, mendi teknikoetan egin dituzten espedizioak kontuan hartuta, azken hau inoizko hotzenetarikoa izan dela. Eta hori Mikelek eta Juanek esaten dute!».