GARA Euskal Herriko egunkaria
URDAIBAIKO GUGGENHEIM

Diputazioak sinatutako hitzarmena Guggenheimerako dela salatu dute

Bizkaiko Batzar Nagusiek Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerio espaiolarearekin sinatutako hitzarmena Guggenheim Urdaibai proiektuaren azpiegiturak eraikitzeko baliatu nahi dutela salatu du EH Bilduk. 40 milioi euro jasoko ditu Aldundiak, estuarioan garapen iraunkorreko jarduera bereziak bultzatzeko.

Batzar Nagusietako batzorde honetan jardun zuten Urdaibaiko egitasmoaz. (Oskar MATXIN | FOKU)

Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Batzordean, Bizkaiko Batzar Nagusiek Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerio espainolak sinatutako hitzarmena Guggenheim Urdaibairen proiektua aurrera ateratzeko baliatu nahi dutela salatu zuen atzo EH Bilduk. Koalizio subiranistak hitzarmenaren aurkako proposamena aurkeztu zuen.

Idoia Buruaga EH Bilduko batzarkideak azaldu zuen ez dutela proposamena aurkeztu hitzarmenaren aurka daudelako bere osotasunean, baizik eta «bestelako proiektuak bultzatzeko oinarria delako». Halaber, gaiaz aritzeko beste aukerarik ez dietela utzi azaldu, eta eskatu zuen «gaia sakon aztertzea eta dagozkion txosten juridiko eta teknikoak egitea».

40 milioiko dirulaguntza jasoko du Bizkaiko Aldundiak, Urdaibaiko estuarioaren inguruan garapen iraunkorreko jarduera bereziak bultzatzeko. Aitzitik, Buruagak azaldu zuen akordioa aztertuta ondorioztatu dutela ez dela ingurumena lehengoratzeko proiektu bat, funtsean, eta EAJ buru duen diputazioak Guggenheim berrirako azpiegiturak sortzeko baliatu nahi duela dirua. Argudio lez, azpimarratu zuen gaia Iraunkortasunerako eta Ingurune Naturalerako Batzordean eztabaidatu beharrean Azpiegiturei dagokien batzordean eztabaidatu zutela.

Hitzarmenaren hainbat punturi helduz azaldu zuen Buruagak koalizio subiranistaren ikuspuntua. Dalia mahai-tresneria fabrika eraistea eta lurretako kutsadura garbitzea jasotzen du hitzarmenak, eta, batzarkideak azaldu zuenez, Bizkaiko ondare historiko industrialaren aurkako ekintza litzateke hori. Muruetako ontziolak dauden lurretako kutsadura garbitzea ere aurreikusten da, eta lan hori diru publikoarekin egitearen aurka agertu zen Buruaga, enpresak berak egin beharko lukeela esanda.

Hitzarmenak «badagoen bidegorri bat berritzea» aurreikusten du, baina Buruagak azpimarratu zuenez, bidegorri hori ez da existitzen. EAJri leporatu zion «korridore ekologikoaren kontra doan azpiegitura berri bat planteatzen» ari dela eta zalantzan jarri zuen halakorik egitea legezkoa denik, Urdaibai biosfera erreserba delako.

Podemoseko Ricardo Vaquerok azaldu zuenez, proiektua «jendea kontuan hartu gabe egindako kudeaketaren» beste adibide bat da. Ingurumenaren mesedetan egingo diren neurrien alde agertu eta EH Bilduren proposamenaren alde bozkatu zuen.

PPko Diego Pagadigorriak abstentzioa justifikatu zuen azalduz 40 milioi euro ekarriko dituen hitzarmenaren aurka egotea «zentzugabea» dela.

PSEko Jose Alberto Alvarezi «gehiegizkoa» iruditu zitzaion Madrilgo Ministerioak eta Diputazioak ingurumenari kalte egin diezaiokeen ekimen bat martxan jartzen ari direla iradokitzea. Zalantzak piztekotan, dagokion batzordeetan eztabaidatzeko aukera dagoela aipatu eta kontrako proposamenaren aurka bozkatu zuen.

ERANTZUN GENERIKOA

EAJk Guggenheimen aferari erreferentzia zuzenik egin gabe erantzun zion EH Bilduri. Irene Edesa batzarkideak koalizio subiranistari leporatu zion ikuspuntua hitzarmenaren edukiarekin zerikusirik ez duten gaietan oinarritzea, Buruagak bere hitz-hartzean akordioa hitzez hitz aipatu bazuen ere. Hitzarmenak ingurumenaren aldeko neurriak aurrera ateratzea ahalbidetuko duela esanda, EH Bilduren proposamenaren aurka bozkatu zuen EAJk.