GARA Euskal Herriko egunkaria

«Eredu inposatua da; zein prezio jarri diote gure haurren osasunari?»


Lakuako Gobernuko Hezkuntza Sailak Araba eta Gipuzkoako 30 hezkuntza zentrotan janaria eskaintzen duen Serunion enpresari kontratua eteteko espedientea zabaldu dio janariaren kalitate eskasagatik, ostiralean ume baten platerean har bat agertu ondoren.

NAIZ Irratiak ikastola horretako guraso Gaizka Izagirre elkarrizketatu zuen atzo, eta harraren kontu hau «mediatikoena» izan den arren, ez dela bakarra izan argi utzi zuen.

Izan ere, afera ezagutarazi zuten lehenak Duranako Ikasbidea Ikastolako gurasoak izan ziren. Irailaren 22an larbak topatu zituzten pasta plateretan. Aurreko astean bi plater eskaini gabe geratu ziren, asteazkeneko haragi-xerra eta ostiraleko babarrunak.

Babarrunak erretiratu ostean, ohartarazpena igorri zitzaien Serunion enpresaren jakiak jasotzen dituzten gainontzeko eskolei. Hernaniko Langile Ikastolak 12.15ean jaso zuen babarrunak ez zerbitzatzeko mezua, baina berandu izan zen, ordurako banatuak eta janak baitzeuden. Hori gutxi ez balitz bezala, haur batek har bat topatu zuen arrainean.

«Ez da anekdotikoa, eredu oso baten isla eta ondorioa da. Gure haurren elikagaiak makroenpresen esku daude. Zein prezio jarri diote gure haurren osasunari?», esan zuen Izagirrek, eta eredu «inposatua» dela nabarmendu: «Hezkuntza komunitateari ez zaio ahotsik onartzen, eta hau ezin da horrela jarraitu».

Igandean iragarri bezala, atzo gurasoak arduratu ziren jangela zerbitzuaz, haur guztiek «janari duin eta osasungarria» izan zezaten.