GARA Euskal Herriko egunkaria

Beskoitzeko mobilizaziora joateko deia danbor hotsez zabaldu dute haurrek

Hazparne, Bardoze, Lekorne, Arberoa eta Hiriburuko ikastoletako haurrek «danborrada ttipia» egin dute Beskoitzeko ikastolari elkartasuna adierazteko. «Kasu, ikastola kexu» aldarria ozen entzunarazi dute danbor-joleek Herriko Etxearen aitzinean. Hala, tokiko erakundeak ikastola garatzeko egitasmoari ezarritako trabak salatu dituzte.

Eskualdeko ikastoletako haurrek «danborrada ttipia» egin zuten, atzo goizean Beskoitzen, «Euskal Herri osoan entzun dadin» euskararen defentsa egiteko deiadarra. (Guillaume FAUVEAU)

11.00etan emana dute hitzordua Ipar Euskal Herriko ikastolek heldu den larunbaterako Beskoitzen, eta tenore berean elkartu ziren, atzo, Lapurdiko herri horretako pilota plazan Hazparne, Bardoze, Lekorne, Arberoa eta Hiriburuko ikastoletako haurrak.

Fabienne Ayensa auzapeza buru duen herriko kontseiluak ikastola handitzeko proiektuari ezarri dizkion oztopoak salatzeko, azaroaren 18an manifestazioa eginen dute Beskoitzen.

Euskal Herriko Ikastolen Federazioaren sostenguarekin Seaskak deitu mobilizazioari begira giroa berotzeko, «danborrada ttipia» egin zuten atzo inguruko herrietako haurrek.

Eskualdeko sei ikastoletako lehen mailan ikasten duten haurrek, Beskoitzeko pilota plazan bildu, eta «euskara eta ikastolaren aldeko ekitaldi musikatua» eskaini zuten herriko karriken gaindi.

«Kasu, ikastola kexu» aldarria ozen entzunarazi zuten berriz ere, hain zuzen, ikastolari traba jartzen dion Herriko Etxearen aitzinean.

Beskoitzeko ikastolarekin elkartasunez egin zuten danborradaren ondotik, piknika egin zuten ikasleek, bakoitza bere ikastetxera itzuli aitzin.

HAMAR URTEKO IBILBIDEA

2014. urtean, dozena erdi bat haurrekin, abiatu zen ikastola Beskoitzen. Hamar urte hauetan baldintza prekarioak izanik ere -ikasgela prefabrikatuetan ematen dituzte klaseak, kanpoko jolas eremu eskasa dute eta jangela zerbitzua bermatzeko baldintzak bete ezinik daude- ikasleria etengabe handituz joan da. 50 ikasleko kopurua gainditu ostean, egoera zinez jasangaitza bilakatu da. Hala, garaia dela Beskoitzeko ikasleek ere baldintza egokietan ikas dezaten aldarrikatuko dute larunbatean.

Eskualde berean, urte batzuk lehenago Hazparne, Arberoa, Lekorne eta Hiriburuko ikastoletako haurrek ere prefabrikatuetan jaso zituzten eskolak, baina herri horietan guztietan «egiazko ikastola» lortu dute harrezkeroztik.

Finean, «herri bat, ikastola bat» lemari eutsiz, beren ikastetxearentzat bilakaera bera galdetzen dute beskoiztarrek.

Alta, herri horietan ikastolek udalaren laguntza jaso dute; Beskoitzen, aldiz, oztopoz beteriko bidea atzeman dute. Auziari irtenbidea emateko azken 2-3 urteetan eginiko desmartxa guztiek kale egin dute.

Oroitzearren, kurtso hasieran Seaskak bere prestasuna agertu zuen Herriko Etxeak aldarrikatzen zituen «arazo teknikoak» gainditzeko egitasmo berria aurkezteko.

Era berean, erantzun bat jasotzeko urriaren 20 arteko epea eman zuten ikastoletako arduradunek. Hiru egun lehenago, urriaren 17an, Julien Charles prefeta herriko etxalde batean bisitan zela baliatuz ikastolako gurasoek bere bitartekaritza galdetu zuten. Estatu delegatuak bere esku zegoena egiteko prest zela aitortu arren, geroztik auzia ez da bideratu.

Herriko Etxearen isiltasunaren aurrean, urriaren 25ean Seaskak eta Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak deia zabaldu zuten azaroaren 18an Beskoitzen elkartu eta beren eskaerak kalean zabaltzeko.