GARA Euskal Herriko egunkaria

Covid-19aren antigorputzak, amarengandik umekiarengana

Madrilen egindako ikerketa baten arabera, haurdun dauden emakumeetan covid-19 gaitza igaro dutenen %86,3k gaitzaren antigorputzak fetuari transmititzen dizkiote plazentaren bidez. Horregatik dute txertoa jasotzeko lehentasuna haurdunek.

Antigorputzak transmititzen dira haurdunaldian. (Raul BOGAJO | FOKU)

Madrilgo Unibertsitate Konplutentseak (UCM) egindako eta Gesno-Covid proiektuaren parte den ikerketa batek frogatu du antigorputzak plazentaren bidez pasatzen direla haurdunaldian covid-19 gaitza izan duten amengandik umekiengana; kasuen %86,3an hala izan zela egiaztatzen du ikerketak.

Ikerketa “BMC Pregnancy and Childbirth” aldizkarian argitaratu zen, eta 51 ama-umerekin egin zen ikerketa. 2020 eta 2021 arteko jaiotzak hartu dira kontuan. Orduan ama bakar batek ere ez zuen SARS-CoV-2aren aurkako txertoa jasota, eta, beraz, antigorputzak haurdunaldian gaixotasuna harrapatzearen ondorio ziren. Era berean, azterketan zehar ez diote haur bati ere diagnostikatu covida; antigorputzak amaren plazentatik zetozela ziurtatu da horrela.

Azterlanak erakusten du amak covidaren aurkako antigorputzak ekoizteak jaioberria babesten duela, antigorputzen pasabideen bidez. «Emakumeak txertoaren bidez antigorputzak modu seguruagoan baditu, horiek umekiari transferituko zaizkio eta, beraz, infekzioaren aurrean babestuta egongo da», nabarmendu du Maria Luisa Navarro UCMko Osasun Publikoaren eta Ama-Haurren Departamentuko ikertzaileak.

Ondorengo ikerketetan txertoa jasotzeko lehentasuna nork duen aztertu da, eta aipaturiko estrategiaren segurtasunagatik gaur egun txertoa jasotzeko lehentasuna haurdun daudenek izan behar dutela ondorioztatu da, babes bikoitza lortzen baita horrela, berea eta haurrarena.

ANTIGORPUTZEK BEHERA

Ikerketan ikusi da erditzeko momentuan haurrak dituen antigorputzak lotuta daudela amak duen antigorputz kopuruarekin. Denbora igaro ahala, gutxitu egiten dira antigorputz horiek; erditu eta bi hilabetera jaioberrien %66,7k serologia positiboa zuen, eta sei hilabetera, aldiz, %13,7k.

Bestalde, babes-efektu hori ez da atzeman erditzeko unean infekzio arina zuten amen haurren artean. Jaioberri horiek ez zuten antigorputzik izan, oraindik ez baitzeuden garatuta beren amaren gorputzean.

«Haurdun dagoen emakumearengan covidak sortutako larritasunaren baitan beharrezkoa da haurdunak SARS-CoV-2aren aurkako txertoa hartzea, baita, esaterako, gripearen aurkakoa ere. SARS-CoV-2 infekzioaren kasuan, amaren immunizazioak jaioberria babestuko du bizitzako lehen hilabeteetan», ondorioztatu du Navarrok.