GARA Euskal Herriko egunkaria

Auzitegi frantsesak gerra krimenak egotzi dizkio Al-Assad Siriako presidenteari, Ghutako eraso kimikoarengatik

Siriako presidente Al-Assad. (Louai BESHARA | AFP)

Estatu frantseseko auzitegiak Baxar al-Assad Siriako presidentea, haren anaia Maher eta bi jeneral atxilotzeko agindua eman du, Damaskoko hiriaren inguruko Ghutan 2013ko udan zibilen aurka arma kimikoak erabiltzeagatik, gizateriaren aurkako krimenen konplizitatea dutelakoan

Sarin gasarekin egindako eraso horiek, Al-Assaden erregimenari egotzitakoak, 1.000 hildako baino gehiago eragin zituzten Ekialdeko Ghutan 2013ko abuztuaren 21ean.

Lau atxilotze aginduak Parisko Auzitegiaren gizateriaren aurkako krimenetan eta gerra-krimenetan espezializatutako unitateak irekitako ikerketaren ondorioa dira, 2021ean hainbat erakundek debekatutako bi arma kimiko mota erabiltzeagatik jarritako salaketa baten ondorioz. Hauek dira aginte katearen jomugak: Siriako presidentea; Maher anaia, Siriako Armadako eliteko Laugarren Dibisioko «de facto» burua; eta bi jeneral: Ghassan Abbas, CERSeko 450 adarreko zuzendaria, eta Bassam al-Hassan, loturako ofiziala eta segurtasun burua.

Ikerketak abuztuaren 4tik 5erako gauean Adra eta Duman izandako erasoei buruzkoak ere badira (450 zauritu).

«Aurrekari judizial historikoa da», adierazi zuen Mazen Darwish abokatuak, Komunikabideetarako eta Adierazpen Askatasunerako Siriako Zentroaren (SCM) sortzaile eta zuzendari nagusiak. «Beste garaipen bat da biktimentzat, haien familientzat eta bizirik daudenentzat, eta urrats bat Siriako justizia eta bake iraunkorrerako bidean», gaineratu du. SCMrekin batera, Syrian Archive, Open Society Justice Initiative eta Civil Rights Defenders erakundeek ere bultzatu dute salaketa, Arma Kimikoen Biktimen Elkarteko kideekin batera. Salatzaileek biktimen lehen eskuko testigantzak zein Siriako erabaki militarren hierarkiaren analisia, Siriako Gobernuaren arma kimikoen planaren datuak eta argazki eta bideo frogak aurkeztu zituzten. Antzeko salaketak aurkeztu ziren Suitzan, Suedian eta Alemanian.