GARA Euskal Herriko egunkaria

Lozorrotik esnarazteko «mutazio berritzailea» dakar Urtz taldeak

Urtz taldeak lan berria kaleratu du, «Esnatzean». Bederatzigarren diskoa da eta Sestaoko PoloSur estudioan grabatu zuten, hain zuzen ere Dani Vicente taldekidearen estudioan. «Lozorroan murgildutako testuinguru sozialetik» esnatzea aldarrikatu nahi du taldeak. Diskoa atzo aurkeztu zuten Bilbon eta bira ere bertan hasiko dute datorren urteko urtarrilean.

Urtz taldeko kideak, atera berri duten diskoa eskuetan dutela. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Urtz taldea sortu zela 35 urte dira, eta hasieratik bereziak egin zituen estiloa mantendu dute “Esnatzean” disko berrian. Hala ere, bederatzigarren estudioko lana izanda, «mutazio berritzailea» ere nabarmentzen da, soinu elektronikoetara gerturatze bidean egin dutena.

Xabi Camarero, Dani Vicente, Jorge Sanchez eta Ander Hurtado de Saratxo taldekideek atzo bertan aurkeztu zuten lan berria Bilboko Bira espazioan. Vicentek Sestaon daukan Polo Sur estudioan grabatu dute diskoa, hots, entseguetarako darabilten toki berean.

Horrek lana «patxadaz eta lasai» ontzeko aukera eman diela azaldu zuen Camarerok, baita esperimentatu eta gauza berriak probatzeko ere. Horrela, sintetizadorearen eragina nabaritzen da kantu batzuetan.

Camareroren arabera, “lifting” moduko bat egin diote taldeari, bi belaunaldi elkartuta. Batetik, taldearen hiru hamarkadako historia dago, alde batera utzi ez dutena, eta abestiak, berriak izanagatik ere, identifikatzen dituena. Bestetik, Vicenteren gaztetasunak berrikuntzak ekarri dituela baieztatu zuen Camarerok aurkezpenean.

Hitzen interpretazioa irekia uzteko orain arte izan duten ohitura, esaterako, mantendu dute disko berrian ere. Baina, azaldu zuten «lozorroan» dagoen jendartea esnatzera bultzatu nahi dutela kantu berriek.

Abestien bidez zabaltzen duten mezu hori indartzen du, halaber, diskoaren azaleko Josu Torrealdayren diseinuak.

Camarerok azaldu zuenez, egun informazio ugari jasotzen dugu une oro, oso zehatza sarritan, eta horrekin konformatzea da ohikoena. Joera horren aurrean, informazio horrek guztiak norberari barruan sentiarazten dizkion emozioei jaramon egiteko gonbita egin nahi du “Esnatzean” disko berriak, kritiko izateko baliabide gisa.

Zazpi kantu dakartza lan berriak. Camarerok bere anaia Ikerrek sortutako ‘Hegoak’ abestiaren bertsioa nabarmendu nahi izan zuen.

BIRA

Aurkezpen bira urtarrilean hasiko dute, Bilborocken, hilaren 27an.

Otsailaren 3an, lehenbizikoz Euskal Herritik kanpo joko dute, Madrilgo Moby Dick aretoan.

Otsailaren 23an Donostiako Dokan arituko dira, eta Iruñeko Sala 2 Zentralen martxoaren 15ean. Apirilaren 13an Zuberoako Hoki herrian izango dira, eta apirilaren 20an Baionako Le Magneto agertokian aurkeztuko dute diskoa.

Momentuz, hitzemanda eta iragarrita daukaten azken emanaldia Gasteizkoa izango da, Urban Rock Concept aretoan maiatzaren 3an egingo dutena.

Hala eta guztiz ere, azaldu zuten badaukatela kontzertu gehiago eskaintzeko asmoa, Euskal Herrian zein hemendik kanpo.