GARA Euskal Herriko egunkaria

NUPeko ikasleek eta langileek greba egingo dute A30ean

Nafarroako Unibertsitate Publikoko zenbait ikaslek eta langilek agerraldia egin zuten atzo, azaroaren 30eko greba feministari babesa adierazteko, «zaintzarako eskubide kolektiboaren alde».

NUPen agerraldia, A30eko grebarekiko babesa erakusteko. (GREBA FEMINISTA OROKORRERAKO NAFARROAKO PLATAFORMA)

Zaintza sistema eraldatzeko beharra nabarmendu zuten atzo Nafarroako Unibertsitate Publikoko zenbait ikaslek eta langilek, azaroaren 30eko greba feminista orokorra babestuko dutela iragartzeko agerraldi batean. Dagoeneko martxan dauden Ikasle Greba Komiteetan parte hartzeko deia ere zabaldu zuten.

«Zaintzaren problematika sistematikoa eta estrukturala den honetan, hezkuntza sistema zisheteropatriarkal kapitalistak goitik behera astintzen gaitu. Horregatik, unibertsitateko ikasleok eta langileok ere, bizitzak erdigunean jarriko duen Zaintza Sistema Publiko eta Komunitario baten alde jardungo dugu», azaldu zuten.

Hortaz, aldaketak bi planotan egitea planteatzen dute. Batetik, «premiei erantzutea» eta gaur egun «prekarioen eta kolapsatuen» dauden egoerei aurre egitea. Eta bestetik, epe luzera begiratuz, «bizitza erdigunean jarriko duen sistema sozial bat imajinatzea eta definitzea, sistema kapitalista, arrazista eta heteropatriarkala gaindituko dituena».

Greba mugimendu eta eragileekin «elkarlanean josten ari garen prozesua» dela adierazi zuten, artikulatzen ari den Herri Akordioa «horren isla» delakoan.

PRIBATIZAZIOA ETA ARRAZISMOA

Euskal Herriko zaintza zerbitzuen pribatizazioa salatu zuten, «enpresa lagunen eskuetan jartzeko eta horietatik milioi askotako etekinak ateratzeko, zaintza hori jasotzen dutenen ongizatearen eta langileen lan baldintzen kontura».

Politika hauek «familia heteropatriarkala erdigunean» jartzen dutela ere deitoratu zuten. «Berriz ere zaintza lanak emakumeon gain daude, eta sarritan emakume migratu eta arrazializatuengan. Sistema kapitalista eta heteropatriarkala izateaz gain, arrazista baita», esan zuten.