2023 AZA. 20 2023KO NAFARROAKO BERTSOLARI TXAPELKETA Joanes Illarregik irabazi zuen Lesakako finalaurrekoa «Nafarroan bertsoa gorantz urtez urte/ hargatik harro egon beharko genuke/ Anaitasunan 2an kantatzean truke/ sufritu ta gozatu eiten dugu guk e/ beste izerdi hotz pixkat bota nahiko nuke», bertso hori kantatuz agurtu zuen Lesakako saioko irabazle Joanes Illarregik. Eneko Lazkoz eta Josu Sanjurjo ere pasatu ziren finalera. Joanes Illarregi igaro zen, saioa irabazita, Iruñeko finalera. (Iñigo URIZ | FOKU) Maider IANTZI Lesakako pilotalekua 500 bertsozalek berotu zuten atzo arratsaldean. Bertan jokatu zen Nafarroako Bertsolari Txapelketako azken finalaurrekoa. Kultur etxetik frontoira pasatu eta, hala ere, sarrerak falta izan ziren. Saioa dardara pixka batekin hasi zen, urduri, baina berehala berotu eta egonkortu zen. Ederra izan zen. Joanes Illarregi Marzol izan zen garailea, 525,5 punturekin, eta zuzenean sailkatu zen abenduaren 2an Iruñean kantatzeko. Bigarren eta hirugarren egin zuten Eneko Lazkoz Martinez eta Josu Sanjurjo Alzuri ere igaro ziren finalera. Laugarren egin zuen Eki Mateorena Zozaiak, eta bosgarren eta seigarren izan ziren Mikel Lasarte Cia eta Beñat Astiz Isasi. Horra finaleko zortzikotea: Julio Soto Ezkurdia (543,50), Xabat Illarregi Marzol (529,50), Joanes Illarregi Marzol (525,5), Eneko Lazkoz Martinez (521,5), Saioa Alkaiza Guallar (506,50), Josu Sanjurjo Alzuri (492,5), Saats Karasatorre Martinez (470,50) eta Sarai Robles Vitas (468,50). BEROTZEN JOAN ZEN PLAZA Josu eta Enekok lortu zuten plaza berotzea, ikasketak bukatu berri dituzten bi gazteren paperean fin. Enpresa anitzetara bidali dituzte curriculumak, baina inork ez die erantzun. Etxarriarra: «...Arkitekturan etxeak sortzen ikasi dugu ederki/ baina oraindik ez dugu ikasi ateak nola ireki». Mikel eta Joanesek ongi eutsi zioten mailari. Azaroaren 30eko greba feminista antolatzeko bilera mistoa dagoela ikusi duten bi lagun dira. Barañaindarra: «Parte hartzeko oraindik ere Joanes ez gabiltz berandu/ bilera hontara joan gaitezen ta hemengoa ongi landu/ feminismoa aurrera doa garaiz garai munduz mundu/ gizartearen parte gara ta elkar behar dugu zaindu». Zortziko ttikian, Eneko eta Joanesen lana apartatuko genuke, eta hamarreko ttikian, Eki eta Enekorena. Puntuka, Josu eta Mikel hagitz gustura aritu ziren, eta hala aditu genituen. Berdin Joanes eta Eki. ZIRRIKITUTIK BEGIRA «Ateko zirrikitutik begira ari zara. Sorpresa hartu duzu» izan zuten ganbarako gaia. Beñatek publikoarengana iristea lortu zuen, beharragatik okupa bilakatu den familia baten istorioarekin. Ekik xume josi zuen bere kontakizuna. Harrituta dago ez dagoelako bronkarik sukaldean. Hona bigarren bertsoa: «Zeren gutxitan egoten dira hizketan ta begi alaiz/ gure etxea betea baita behar ez luketen epaiz/ eta ezin dut lotara joan ta ametsetan sartu garaiz/ ze sukaldetik oihu dezente nire izena entzun, Aitz/ eta beheraino jaitsi ondoren berdina sentitu dut maiz/ haien oihuak entzun ta gero erruduna sentitzen naiz». Josu Sanjurjo arriskatu egin zen ganbarako lanean, eta ikusi egin genuen ama bere pisura sartzen, eta hunkitu ginen. Hona hirugarren bertsoaren amaiera: «...beraz horrela egongo gara gure irri ta gure algara, berriz izan zaitez libre/ ama edo pisukide». Enekok intrigari eutsi zion, jakin nahi genuen nor ote den bere urtebetetzean lore sortaren atzean estalita datorrena. Mikelek, aldiz, ez zekien atea irekitzera helduko zen, bikoteak maitale bat baitu etxe barruan. Joanes, bikain, goizeko lauretan pixagale jaiki eta gurasoen gelan zelatan dagoen haurraren begirada ekarri zuen. Musuka ikusi ditu gurasoak. Hona azken bertsoa: «Sei urte eta hau bizitzea ene hauxe dugu marka/ gure etxean ez da izaten aldiro giro aparta/ ohikoak izaten dira oihuak eta zarata/ goxotasunik ez den tokian umearentzako kaka/ ikusi ditut maindire azpian doazela pixkanaka/ isil-isilik pauso motxean noa nere gelaraka/ hemen nagola ohartuz gero oihuz hasiko dira ta». Itxita geratu zen finala, eta abenduaren 2an Anaitasunan elkartuko dira bertsozaleak.