GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Jokin Altuna: «Erabat osatu arte ez naiz itzuliko»

Mikel Sanchezenean izan da amezketarra, eta atsedenarekin eta fisioterapiarekin nahikoa izango duela uste du. Pilotariak ez du eperik jarri nahi, baina urte berria baino lehenago itzuli nahi luke.

Jokin Altuna, Amezketako pilotalekuan, Bilbon irabazi berri duen txapela eskuetan duela. (Gorka RUBIO | FOKU)

Pilotaren gurpila hain da zoroa eta gupidagabea, ezen, Lau eta Erdiko finala amaitu eta 24 ordu ere bete ez zirela, Jokin Altunari bere etorkizun hurbileko asmoen berri ematea egokitu baitzitzaion, Bilbon irabazi zuen txapela alboan zuela. Izan ere, gaur goizean Bilbon izango den Binakako txapelketaren aurkezpenean egotekoa den arren, berak ere ez daki ondo noiz ikusiko dugun berriz ere pilotalekuetan.

Eperik jarri nahi izan ez bazuen ere, urte berria baino lehenago itzuli nahi luke, baina, ezeren gainetik, erabat ondo egon arte ez dela itzuliko baieztatu zigun. «Molestiarik batere izan arte ez naiz itzuliko, eta batere minik gabe denbora luzea daramat. Ez diot zentzurik topatzen, gutxiago nire adinean, hau luzatzen jarraitzeari. Ondo-ondo errekuperatzen naizenean kantxaratuko naiz berriz».

Dena argitzen hasita, finalaren atariko elkarrizketetan «gezur txikiren bat» esan izana aitortu zigun. Esaterako, Erik Jakaren aurkako finalerdia irabazi eta gutxira Mikel Sanchezen eskuetatik pasatu zen. «Gasteizen esan zidaten ondo sendatu beharreko lesioa dela, lesio horrekin ebakuntza bat baino gehiago egindakoak direla. Baina, momentuz, geratzea gomendatu zidan. Errehabilitazio ariketa batzuekin eta fisioterapiarekin sendatuko dela uste dute, eta, hala ez balitz, plasma tratamendu bat egingo lidakete. Horretan sartuz gero, hilabete eta erdi egon behar nuke geldirik», azaldu zuen.

Jokatzen jarraitu izanak ez omen dio lesioa handitu, txarrena jokatzen ari zela izandako kolpeak izan dira, eta azken hiruretan jaso du zartakoren bat ezker paretaren kontra. «Eskerrak azken aldera izan diren. Finalean 3-2 gindoazela hartu izan banu, ez dut uste txapela jantziko nukeenik».

Txapelketan zehar ere zenbaitetan amore emateko zorian izan zela aitortu zuen: «Binakakoa bezalako txapelketa luze bat izan balitz aspaldi eman nuen amore». Baina, era berean, uste du sorbaldaren kezka hori izateak ere lagundu diola finalaren aurretik buruari buelta gehiegirik ez ematen, eta lagundu diola. Ostegunean bertan, amak finalari uko egiteko esan omen zion, baina ostiralean aspaldiko entrenamendurik onena egin izanak ere bultzada handia eman zion finalaren atarian.

OSPAKIZUN DESBERDINA

Txapelketa desberdina izan da hau amezketarrarentzat, bereziki zaila, kantxan baino, hartu beharreko erabaki eta tentsioarengatik. Eta ospakizuna ere aurrekoen desberdina izan zen, «intimoagoa», baina etxekoekin afaldu eta gero izan zen ordu txikietara arteko parrandarik herrian. Horren guztiaren aurretik, gainera, herritarren ongi etorri oso bero eta berezia jaso zuela ere kontatu zigun.

Txapelaren pisuaz galdetutakoan, Lau eta Erdiko txapeldun berriak ukatu egin zuen irabaztearekin zama bat gainetik kendu izana. «Azken bolada hau lehortea izan bada, beste asko desertuan bizi dira orduan. Banuen txapela irabazteko gogoa, baina tarte horretan uste dut lau txapelketa egon direla, eta lau horietan ere txapeletik gertu ibili naiz. Txapel bakoitza irabazten saiatzeko entrenatzen dut egunero, nik eta denek; ikusi besterik ez dago hartzen ari diren maila. Lasaitua baino, poza hartu dut galanta», azaldu zuen.

27 urterekin pilotaren historiako markak hausten ari da, baina amezketarra ez omen da horri begira ari. «Retegi, Aimar, Irujo... horien inguruan galderak egiten aritzea dagoeneko sekulakoa da niretzat. Horietako asko nire txikitako idoloak izan dira eta haien aurka jokatzeko aukera izan dut. Pribilegiatu bat sentitzen naiz».