GARA Euskal Herriko egunkaria

Errusiak abortuari gerra, krisi demografikoari aurre egiteko

Errusiak klinika pribatuetan abortuak egitea debekatu nahi du, jaiotza-tasaren beherakada iraultzeko asmoz, nahiz eta adituen eta ekintzaileen artean politika demografiko horrek kritika gogorrak eragin dituen.

Jendea elurpean oinez, Kremlin inguruan. (Natalia KOLESNIKOVA | AFP)

«Denok dakigunez, eta gure gobernuak ere badakienez, debekuak ez du abortu kopurua murrizten, ezta jaiotza-tasa handitzen ere», gogorarazi dio EFEri Leda Garinak, “Evaren saihetsak” proiektu feministaren sortzaileak.

Murrizketek infantizidioak ugaritzea dakarte, eta «sexualitatearen gaineko kontrola indartzea» , emakumeengan «lotsa eta beldur» sentimenduak sortzeko.

«Errusiaren historian egon zen abortuaren erabateko debekualdia, eta ez zen ondo amaitu: jaiotza-tasa debekuaren ondorengo lehen urtean bakarrik igo zen; gero emakumeak egokitu egin ziren, hau da, haurdunaldia eteteko legez kanpoko moduak aurkitu zituzten», gaineratu zuen Julia Karpusjina aktibistak.

Ikerketa ofizialen arabera, 2030ean errusiar biztanleria 143,2 milioikoa izango da, 2012tik izan duen mailarik baxuena, eta 2046an 138,7 milioitan kokatuko omen da. Iragarpen hori Krimeako penintsula anexionatua barne hartuta egin zen (ia 2 milioi), baina ez 2022an Errusiak irentsi zituen ukrainar eskualdeetan bizi direnak (Donetsk, Luhansk, Zaporizhia eta Kherson).

«MAKILA MAGIKOA»

Aurten 1,2 milioi haur jaioko dira, krisi larria bizi izan zen 1999. urteko haur kopuru bera. Egoerak okerrera baino ez du egingo datozen urteetan, gobernuaren ustez.

Jaiotza-tasen jaitsiera geldiarazteko, «makila magiko» bat behar da, Eliza ortodoxoko buru Kirilen esanetan. Haren iritziz, haurdunaldiak borondatez eteteko debekuarekin iritsiko da hori. «Populazioak gora egin dezake, makila magiko baten bidez bezala. Gai hori konpontzen badugu, emakumeak aborturik egin ez dezaten konbentzitzen baditugu, estatistikak [demografikoak] gorantz hasiko dira». Klinika pribatuetako abortuak mugatzeko eskatu zien diputatuei.

Legea onartu baino lehen, bost eskualdetako klinikak hasi dira herritarrei emandako zerbitzuen zerrendatik haurdunaldiak etetea erretiratzen. Mordovia errepublika, Errusia europarrean, aitzindaria izan da «abortua bultzatzeagatik» isunak inposatzen, eta Tver eskualdea atzetik joan zaio, abortua eragiteko sendagaien gaineko kontrola indartuz.

Estatistika ofizialen arabera, urtero 400.000 haurdunaldi eteten dira Errusian, 1990eko hamarkadarekin alderatuta bost aldiz gutxiago.

Aleksei Rakxa demografoak azaldu duenez, Errusiako biztanleriaren egungo beherakada saihetsezina zen, 1990ean jaiotako emakumeak adin ugalkorrera iristean herrialdea «zulo demografikoan» erori zelako. 1987tik 1999ra (Sobietar Batasunak eztanda egin zuen aldia) jaiotza kopurua erdira murriztu zen, 2,5 milioitik 1,25era. «Neska gutxiago jaio ziren, eta orain adin ugalkorrera iritsi dira». Horregatik, 2030ean Errusian ugaltzeko adinean egongo den emakume kopurua 2010ean baino %40 txikiagoa izango da.