GARA Euskal Herriko egunkaria

Nostalgia II


Eskerrak zutabe honek 1.300 karaktere baino ez dituen edukiko (ederra aldea orain arteko 1.500ekin parekatuta), aitortu behar dut-eta ez dakidala oso ongi zertaz hitz egin. Ea, zenbat idatzi ditut dagoeneko?... 251. Animo Andoni!

Lagun batek esan dit The Beatlesen argitaratu gabeko kantu bat kaleratu berri dutela hemengo eta hango puskak lotuta. Nostalgia drogarik gogorrena dela pentsatu dut, eta horrek, agian, emango lukeela zutabe bat idazteko; are gehiago, nostalgia musika-industriaren amu nagusia bilakatu den garai eta lurraldeotan. Baina, oroiminaren laino eta ezti narkotikoen sareetan harrapatuta nago, aspalditik, eta gaiaren gainean ezin askoz ere gehiago esan. Akaso, izandakoa nahi dugun moduan irudikatzeko eskubidea dugula, eta hori lortzeko nahi dugun moduan apaindu edo bihurritu dezakegula iragana, gurea behintzat (eta besteena, baimena ematen badigute). Beraz, erabat zilegi iruditzen zaidala horren kontura negozioa egitea. Begira, dagoeneko, 990 karaktere dira!

Lagunari ez zaio asko gustatu kantua, ziur aski, nostalgia-ariketari ingeniaritza tekniko eta mediatikoaren kiratsa dariola iritzita; artifizio gehiegi, alegia. Agian, ez da nahiko Beatles-zalea, eta hortxe dago koska. Bestela, baietz besoak eta hesteak zabalik irentsi amua. To! Hementxe 1.300 karaktereak.