GARA Euskal Herriko egunkaria

BELAUNALDI EZBERDINETAKO BI ATZELARI SENDO, KAIOLAKO FINAL-LAURDENETAN

Master Cupeko Lau eta Erdiko final-laurdena jokatuko du gaur, Legution, 18.00etatik aurrera, Miriam Arrillagak (Aginaga, 2000), Nora Mendizabalen aurka. Enara Gaminde (Laukiz, 2007), bihar lehiatuko da Goiuri Zabaletaren kontra, Arratzun. Finalerdietara pasatu baino gehiago, beren maila erakutsi nahi dute.

Goiko irudian Miriam Arrillaga, eta behekoan, Enara Gaminde. (GAMINDE eta ARRILLAGA)

Miriam Arrillaga eta Enara Gaminde belaunaldi ezberdinetako bi atzelari dira. Lehenak denbora darama pilotan -frontballean ere aritzen da-; 2019an Master Cup-eko Lau eta Erdiko txapelduna izan zen, lehena pilota mistoan, eta 2021ean txapeldunorde; Amaia Aldai gailendu zitzaion. Bigarrenak, iaz egin zuen lehen urtea pilota profesionalean, eta estreinako urtean jada sari handia lortu zuen: Master Cupeko Binakako txapela jantzi zuen, Olatz Arrizabalaga bikote zuela. Orain arte lortukoari esker, Master Cupeko Lau eta Erdiko zerrendaburuak dira, Aldai eta Arrizabalagarekin batera -gernikarra Leire Garaik kanporatu zuen joan den asteburuan-, eta asteburuan kaiolako aurreneko partida jokatuko dute. Aginagakoak Nora Mendizabal izango du aurkari final-laurdenean, gaur, 18.00etan, Legution. Laukizkoak, aldiz, Goiuri Zabaleta, bihar Arratzun jokatuko den deman (18.00etan). Gamindek edo Zabaletak Leire Garai izango dute aurkari finalerdietan, eta Arrillagak edo Mendizabalek, Amaia Aldai -iazko txapelduna-. Finalerdiak abenduaren 6an izango dira, Abadiñon.

Uda «nahiko lasaia»

Gamindek eta Arrillagak uda «nahiko lasaia» izan dute, iaz baino partida gutxiago jokatuta, eta eskertzen dute horrela egin izana. Aginagakoak iaz uda «nahiko gogorra» izan zuen, Munduko Txapelketa prestatzen ari zelako, eta aurten «lasaiago ibili» nahi zuenez, gutxiago jokatzea erabaki du. Bide beretik, Laukizkoak adierazi du «deskantsatu» ere egin behar dela, eta gaineratu, astero partida bat jokatu duela edo gehienez bi. Gaminde Mexikon egon da euskal selekzioarekin, eta horregatik ere ez ditu partida asko jokatu.

Beraz, atseden hartuta iristen dira biak Master Cupeko Lau eta Erdira; baina zer aldarterekin? Gamindek aitortu du ez dagoela bere «momentu onenean, baina txarto ere ez»: «Oraindik prestatzeko denbora apur bat dugu, eta txapelketa polit bat egiteko denbora ere bai». Gamindek, aldiz, ondo ikusten du bere burua. Gainera, «oso pozik» dago joan den martxotik ez duelako eskuko minik izan, ezta partida utzi ere arrazoi horrengatik. Izan ere, «orain arte» neurketa asko utzi behar izan ditu eskuko minagatik.

JOKOA «OSO DESBERDINA»

Atzelariak izateak ez du esan nahi kaiolakoan gaizki moldatzen direnik. Arrillagak esan du atzelaria izanik ere «nahiko txukun» moldatzen dela; hala ere, uste du nesketan, atzelaria izan arren, ez dagoela halako «diferentziarik»: «Ikusten da aurrelariak maila handiagoa hartzen ari direla, baina momentuz ez dago halako desberdintasunik. Badaude batzuk aireko jokoan hobeto moldatzen direnak, eta egia da atzelariok ez dugula halako gaitasunik. Hala ere, orain arte ondo moldatu naiz; gainera, gustatzen zaidan modalitate bat da, eta ilusioarekin prestatzen dut txapelketa. Ea maila txukuna ematen dudan». Gamindek ere nabarmendu du atzelaria izanda jokoa «oso desberdina» dela, baina entrenatzen ari dela, eta «gutxinaka-gutxinaka» prestatzen: «Ea partida ona egin ahal dudan, eta irabaztea lortzen dudan».

Txapelketarako helburuez ere mintzatu dira, nor bere ikuspegitik. Laukizkoak adierazi du denon helburua berbera dela: «Txapelketa irabaztea». Eta hori lortzen ez badu ere, saiatuko da txapelketa on bat egiten, eta, batez ere, bere maila erakusten. Hala ere, Gamindek gehitu du irabazten baduela «hobeto». Aginagakoak ez dio helbururik finkatu bere buruari, «aurrena maila txukun bat» eman nahi duelako: «Asko ari naiz entrenatzen, eta, lehenik, entrenamenduetan dudan maila partidan erakutsi nahi dut, eta galdu edo irabazi, behintzat, partida txukuna egin». «Zalantzarik gabe», Arrillagak argi du «polita» izango litzatekeela finalerdietan egotea, baina ez du horretan «askorik pentsatu»: «Finalerdietan pentsatzen badut, agian ez diot onik egingo neure buruari. Aurrena aurreneko partida, eta gero ikusiko dugu».

EZ DIRA ENBOR BEREKO EZPALAK

Final-laurdenetan Zabalaren eta Mendizabalen aurka neurtu beharko dituzte indarrak. Ez dira enbor bereko ezpalak: bata aurrelari oso fina da, teknikoki oso abila; bestea, berriz, atzelaria eta oso indartsua. Arrillagak Mendizabal izango du parean; «lagun handia» du, eta batera entrenatzen dira. Beraz, ondo ezagutzen dute elkar. «Defentsan jardunda uste dut biok ez dugula ezer egingo, erasora azkar pasatu behar dugu. Saiatuko naiz ahal dudan abiadurarik handiena sartzen, bera mugitzen eta jokoaren ekimena nik eramaten». Aginagakoak adierazi du Mendizabal bera baino atzelari «petoagoa» dela, eta berak boteko jokoa «askoz gehiago» lantzen duela. Hori horrela izanagatik, Arrillagak uste du Mendizabal saiatuko dela jokoa atzera eramaten, eta bera, hori ekiditen saiatuko dela: «Abiadurarekin eta azpitik jokatzen».

Gaminde Zabaletaren aurka arituko da lehian, eta leitzarraren inguruan, atzelariak nabarmendu du pilotari «oso ona» dela, «nahiz eta gaztea izan, maila ona» ematen ari dela, eta «lan gogorra» duela aurretik finalerdietara heltzeko.

Zabaletak jokatu dituen bi kanporaketak irabazi ditu; lehena, Miriam Arraizaren aurka (22-8), eta, bigarrena, Maddalen Etxegarairen kontra (22-15) final-zortzirenetan. Laukizkoak argi du zer egin behar duen neurketa irabazteko: atzeko koadroetan jokatu. «Indar handia dut, eta hori aprobetxatzen saiatu behar naiz. Berak ni baino teknika gehiago du, eta horregatik indarrarekin atzean eduki behar dut, eta aukera dudanean aurrean bukatu edo indarrarekin tantoa amaitu».