GARA Euskal Herriko egunkaria
ELKARRIZKETA
Elkarrizketa
MARKEL IDIGORAS ETA ALEX IRAZUSTA
Nøgen taldeko musikariak

«Ez da zuzenena guk esatea, baina gure diskorik onena da»

Soinu bitxiekin hasten da Nøgenn taldearen disko berriena, «Åben Cirkel». Taldekideek ez dute aurkezpen berezirik behar, ezagunak baitira, baina diskoak bai, eraberritutako Nøgen bat topatuko dugulako lan berri honetan. Markel Idigoras eta Alex Irazusta izan dira NAIZ Irratiko «Musikharia» saioan.

(Mario LEZAUN)

Eromen egunak izaten dira diskoa kaleratzen den garaikoak, baina gogotsu izango zineten kaleratzeko, ezta?
MARKEL IDIGORAS:

Nik uste dut baietz. Bi urte edo badaramagu lanean eta erditze hau frenetikoa izaten ari da.

Diskoa ireki orduko ondo gordeta zenituzten gauzak agertzen hasten dira.
ALEX IRAZUSTA:

Kuriosoa da ondo gordeta esaten duzula; izan ere, intro hau, “17” deitu dugun abestia, 2017an sortutakoa da. Garai horretan Anek konposatu zuen halako melodia harmoniko bat da, loopean, eta horren gainean halako kontrakantu bat dago hitzekin eta abarrekin.

Ane Negueruelaren itzulera ere lehen abestitik argi utzi duzue eta eguraldiak ere lagundu dizue, diskoa kaleratu zenuten egunean euria ari zuelako.
M.I.:

Bai, modu introspektibo batean hasten da diskoa eta horrek lagundu digu.

A.I.:

Polita da, zeren oso zinematografiko geratu da dena; kantuan kontatzen den eszena ikusi egiten duzu.

Diskoari zirkulu irekia deitu diozue, hori delako «Åben Cirkel» euskaraz, baina ez dakit disko kontzeptual gisa landu duzuen edo zer izan zenuten buruan diskoari izena emateko garaian.
M.I.:

Guk taldea eta bizitza zirkulu ireki bat bezala irudikatzen dugu. Toki bat oso desberdina izan daiteke momentuaren arabera; gaur hemen gauden moduan bihar ere hemen egon gaitezke eta oso desberdina izan daiteke. Aneren itzulerarekin hori irudikatu genuen eta barne errealitate hori kontzeptu orokorrago batzuetara zabaldu genuen. Abestiak zirkulu horren puntutik beste puntu batzuetara begira jartzearen ariketak izan dira.

Etsipenetik asko duen diskoa da, baina argia eman diozue azalari.
A.I.:

Beti izan gara talde oso nostalgikoa, nahiz eta melodia alaiak izan ditugun.

Ekoizle askorekin egindako diskoa, su txikian egosia. Nacho Mur, Brais Ruibal, Julen Idigoras… esku asko izan dira lan honen bueltan.
A.I.:

Bagenuen gogoa halako zerbait egiteko. Aurreko diskoen ekoizpena guk geuk egina izan zen eta uste dut lan txukuna egin genuela, hori esateko lizentzia har dezakegu. Baina bagenuen gogoa kanpoko jendeak gure ideia eta kantuekin zer egin zezakeen ikusteko. Ez genuen formula errepikatu nahi; eszenatoki berri baten aurrean gure buruak nola jokatuko zuen ikusi nahi genuen. Julen Idigoras aipatu duzunez, lehenengo abestia edota proto-ideia ‘Guztia edo ezer ez’ kantuarena izan zen eta abesti honek zortzi bertsio izan ditu eta horretan lagundu zigun asko. Bai berarekin eta baita beste ekoizleekin ere lan egiterakoan, pauso bakoitza sendo ematen duzu. Bakarrik ematean askotan balantza egiten duzu, zalantzak sortu eta atzera egiteko joera ere izaten duzu. Kanpotik emandako konfiantza hori nik uste dut nabaritzen dela.

Igartzen den beste kontua soinu aldaketa da. Estilo aldetik poperoagoa dela esan dezakegu; sintetizadore asko entzuten dira, gainera. Nork joko ditu zuzenean?
A.I.:

Printzipioz, zuzenekoetan teklatu bat sartuko dugu lehenengo aldiz. Guk badugu ideia nori tokatuko zaion ardura hori, baina oraindik ez dugu argituko.

M.I.:

Ez dugu kide berri bat gehituko, baina taldean banatuko dira eginkizun horiek.

Esan daiteke inflexio puntu bat dela disko hau?
A.I.:

Nik pentsatu nahi dut baietz eta, nire ustez, bai. Sareetan esan genuen eta akaso ez da zuzenena guk esatea ere, baina orain arte egin dugun lanik onena da.

M.I.:

Lan egiteko modua aldatu da, baina baita zer egiten dugun eta zergatik egiten dugun erakusteko ere. Ez da atera behar delako atera dugun disko bat, baizik eta arnasa hartu, zer egin nahi dugun pentsatu eta guregatik egin dugun diskoa da. Bideaz disfrutatu eta gauzak ondo egitea zen nahia. Hortaz, horretan ibili gara eta askoz ere gehiago zaindu ditugu bai prozesua eta baita gure burua ere.

Zuetako inor izan da sekula ere Glastonbury jaialdian?
M.I.:

Esango nuke ezetz. Akaso Jokin izango zen gaztetan, nahiko zaharra delako.

A.I.:

120 urte ditu; hortaz, akaso bai…

M.I.:

Nahiko genuke bertan izan! Hau guztia dator Alexek elkarrizketa batean duela urte batzuk, diskorik ere ez genuela, ametsen eta helburuen inguruan galdetu ziotenean bota zuelako Glastonburyn jo nahi zuela. Astakeria bat bota zuen, baina ongi dago.

Glastonburyn jotzea ederra litzateke, baina nahiago duzue bertako F edo H oholtzan edota jaialdi txikiago batean jo?
A.I.:

Hor irakurketa bikoitza dago. Glastonburyko Z oholtzan jotzen badugu, goizeko 9.00etan, garbiketako langile eta gaupaseroentzat, baina jaialdi guztirako artista pasea ematen badigute, jatekoa eta edatekoa nahi adina dugula, eta Elton John bezalako artistak ezagutzeko aukerarekin… nik sentitzen dut, baina hara noa. Baina, orain, musikari bezala eta kontzertu bezala, nahiago dugu jaialdi txiki batean eta oholtza polit batean jo. BBKn azkeneko aldian, esaterako, The Killersen aurretik jo genuen oholtza berean eta Brandon Flowersekin gurutzatu ginen.

Jaialdi aski ezagunari keinua egiten diozue eta musikalki badu ukitu britainiar hori kantuak. Baina berrasmatzearen inguruan hitz egiten duenez, zuek ere egunero horretan zabiltzate?
A.I.:

Zer erremedio! Markelek lehen esan duen moduan, bihar bertan hirurok berriz ere hemen elkartuko bagina, ez litzateke toki bera izango: eguraldia desberdina izango litzateke, gaur gauean zerbait berria ikasita etorriko ginateke, elkarrizketa ere aldatu egingo litzateke… Eboluzionatzen ez duena eta aldatzen ez dena hilda dagoela uste dut. Berrasmatu eta gauza berriak sortzea beti da emozionantea.

Zuek Elkarren estudio zaharrean grabatu duzue. Bertan grabatu den azken diskoa da zuena?
M.I.:

Bai, hala da.

A.I.:

Pena handia ematen dit estudio hori eraitsiko dutela jakiteak. Asko gustatzen zaidan tokia da eta inspiratzeko ere oso egokia da.

M.I.:

Victor Sanchezek, teknikariak, erakutsi zizkigun grabaketa historiko batzuk eta harrituta geratu ginen.

Eta orain gogotsu, hau guztia jendaurrean behingoz erakusteko, ezta?
A.I.:

Zama kendu dugu gainetik diskoa argitaratu eta promoa egitearekin. Dagoeneko Iruñean, Gasteizen eta Bilbon aurkeztu dugu eta abenduaren 30ean Donostian izango gara, eta dena salduta dago jada.