GARA Euskal Herriko egunkaria
JOPUNTUA

Hodeien gainetik eta sasien azpitik


Astebete da Argentinako hauteskundeetan Javier Milei garaile atera zela, garai ederrean, Euskal Herritik begira egoteko ere. Azaroaren 30ean Greba Orokor Feminista, azaroaren 25a Indarkeria Matxisten Kontrako Eguna, azaroaren 19a Argentinako Etxe Arrosan ultraeskuina sartu dela dioen berria. Instituzio politikoetako joan-etorriak eta azkenaldiko joerak ikusita, Argentinako errealitatearen jakitun izan gabe, zaila da esaten espero gabekoa dela halako pertsonaia bat boterera heldu izana. Begira hasi eta, ia-ia, anarko-kapitalistaren alderdia baino lehen agertzen da bere txakurra klonatu izana, arazo psikologikoak dituela dioten gaitzespen mezuak eta motozerra eskuan kastaren aurka egindako oihuak. Ez dago erraza halako planta eta jokamolde estrabaganteei beren jokoan erori gabe aurre egiten, eta erridikuluan utzi nahia etxekalte ere izaten da. Trump eta Bolsonarorekin alderatu dute Milei eta, aurrekoen ibilbidea ikusita, zalantza sortzeko modukoa da horrek ez ote duen jendea bere alde lerratzen. Alderaketa trakets samarra eginez, gogora datorkit Espainiako Erregea elefante-ehizan harrapatu zutenean nola pasa zuen uda Andoni Egañak, plazaz plaza, erregearen paperetik kantari. Erregeaz trufatzeko intentzioz jarritako gaiak ziren baina, Andonik gorpuztuta, Juan Carlosekiko ulerbera bihurtzen ginen, nahi gabe, pixka bat zurituko bagenu bezala, gugandik gertu egon zitekeen norbait balitz bezala.

Mileirengana itzuliz, bere zakur maitearen klonak zenbat ordaindu zituen baino kezkagarriagoa da zenbateraino pribatizatu ahalko duen Argentinako ekonomia, estatu arteko harremanak norekin egingo dituen edo duela hiru urte eskas lortutako abortu eskubidearekin zer gertatuko den. Larria da bizitzaren alde egiten dutela salduz emakumeen bizitzak zapaltzeko duten zilegitasuna eta, zureak deuseztatuz, beren erabakitzeko eskubidea pribilegio egin nahi dutenekiko atxikimendua sentitzera heltzea. Kolpe gogorra argentinarrentzat eta adi ibiltzeko abisua gainerakoontzat.