GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Jon Ander Peñak erabaki du «benetako» Binakakoari hasiera eman dion partida

Hasieran asmatu ezinik ibili arren, tolosarraren erremateek erabaki dute Segurako neurketa, ia 80 minutu eta 735 pilotakadaren ondoren.

Jon Ander Peña, pilota jotzeko prest, Iñaki Artola atzean duela. (jaizki FONTANEDA | FOKU)

Peñak eta Albisuk izerdia majo bota behar izan zuten atzo Seguran Binakako Txapelketan lehen puntua eskuratzeko. Ordu eta hogei minutuko iraupena izan zuen neurketak, eta, 735 pilotakada jo ondoren, 19-22 menderatu zituzten Artola eta Ander Imaz. Partidako une askotan deseroso ikusi zitzaion arren, Jon Ander Peña izan zen norgehiagoka erabaki zuena. Jokoan egin zituen sei tantoetatik lau azken txanpan sinatu zituen aurrelari tolosarrak, Albisuk atzean erakutsi zuen nagusitasuna markagailuan islatuz.

Lehen zatian, ordea, bestelako itxura izan zuen demak. Iñaki Artola izan zen bereziki indartsu hasi zena, pilotakada oso biziak jotzen eta erritmo handian jokatzen. Alegiarra oso inspiratuta ikusi genuen, eta hiru tantoko aldeak izan zituzten gorriek markagailuan (6-3, 8-5 eta 9-6).

Urdinek lau tanto jarraian egin zituzten, 9-10 aurreratuz, baina jokoak norabide beretik jarraitu zuen lehen atsedenaldi luzearen ondoren. Gorriak sendoago ari ziren, eta Artolaren ezker bolea batek 15-11koa igoarazi zuen markagailura, urdinak ataka estuan ipiniz.

Baina bigarren aldiz ere urdinak garaiz erreakzionatzeko gai izan ziren, tartean aurkarien opari batzuekin. Baina batez ere Jon Ander Peña aurrean gehiago asmatzen hasi zelako.

Ederrak izan ziren 16-17koa (lehenik pilota gantxoz zabaldu eta gero asko atzeratuz), 19-19koa (alderantziz, lehenik atzeratu eta gantxoz amaituz) edota 19-21ekoa (abiadura ikaragarrian jotako ezker gantxoz). Bere amorru oihuak adierazgarriak izan ziren, txalo zaparradak ere halakoak, eta Artolak galdutako azken pilotak garaipena urdinen poltsikora eraman zuen.

SENAR, DEBUT ZAILA

Albisuk bultzada handia izan zuen harmailetan, Segurako frontoia ataundarrez bete zelako. Izan ere, jaialdia osatu zuten zortzi pilotarietatik hiru ataundarrak ziren. Lehen partidan, bigarren mailako Binakakoari zegokionean, Beñat Senar aurrelari ataundarrak debuta egin zuen profesionaletan, Eskirozekin bikotea osatuz, Iraitz Zubizarreta beste ataundarraren eta Ugartemendiaren kontra. Debut benetan zaila Senarrentzat, eta azkenean 22-11 galdu zuen.