GARA Euskal Herriko egunkaria

Torturen aitortza aldarri, Zabalza oroitzeko Orbaizetako ekitaldian

Mikel Zabalzaren jaiotetxearen aurrean tortura kasu guztien «aitortza, justizia eta erreparazioa» aldarrikatu zuten atzo Orbaizetan, Greba Feminista Orokorraren atarian emakumeek pairatutako «zigor bikoitza» salatu zuen ekitaldian.

Oroimen ekitaldia, atzo, Orbaizetan. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Mikel Zabalza oroitzeko urteroko ekitaldia egin zuten atzo Orbaizetan, bere jaiotetxea izan zen Ola etxean. Gogoratu zutenez, «38 urte dira orbaizetarra torturapean hil zutela Intxaurrondoko kuartelean». Ekitaldiak orduko gertaerak gogoratu zituen, eta gaur egun oraindik ere torturaren inguruko indarkeriak aitortzeko egin beharreko bidea aldarrikatu zuen.

«Praktika sistematikoa izan da tortura gure herrian. Premiazkoa da kasu guztien aitortza, justizia, erreparazioa eta berriz ez errepikatzeko bermea errealitate bilakatzea; premiazkoa den bezala emakumezkoen tortura patriarkala aitortua izatea», adierazi zuen Ainhoa Buenok, Mikel Zabalza Gogoan herri ekimenaren izenean.

Gogora ekarri zuten Mikel Zabalza 1985. urtean atxilotu zuela Guardia Zibilak Donostian. Desagertutzat emana, bertsio ofizialaren arabera Bidasoa ibaira salto egin eta ihes egin zuen orbaizetarrak, Guardia Zibilarekin batera ustezko zulo baten bila zihoanean. «Hogei egun igaro ziren, ustez desagertutako tokia goitik behera miatu zuten, eta, azkenean, Guardia Zibilak berak aurkitu zuen gorpua, Bidasoko uretan, abenduaren 15ean», oroitu du herri ekimenak.

Denboran atzera egindako bidaia horretan, nabarmendu zuten familiak ez zuela inoiz bertsio ofiziala sinetsi, ezta herrikideek ere. «Zabalzaren hilketak bereziki hunkitu zuen herri hori, baina Euskal Herri osoan eragin zituen protestak», zehaztu zuten.

«AUSARDIA»

Lakuako Gobernuaren aldetik biktima gisa aitortua 2021. urtetik, Nafarroan aztertzen ari da auzia, beste 300 lagunen torturen lekukotasunekin batera, aipatu zuen herri ekimenak. Prozesu horren aurrean, «ausardia» eskatu zion Maria Chiviteren Gobernuari, «aitortzak erreparaziotik urrats bat gertuago jarriko dituelakoan».

Bestalde, bide horretan dauden «kontraesanak» salatu zituzten: «Dokumentu ugari desagertuta daude, desklasifikatu gabe; eta, beste adibide bat, aurtengo apirilean Mikel Zabalzaren heriotzan inplikatuta dagoen Arturo Espejo Valero guardia zibila teniente jeneral izendatu zuten». Herri ekimenaren iritziz, «Estatu espainolean torturak babes instituzionala behar duela erakusten du honek, eta Euskal Herriko disidentzia politikoaren aurkako estrategiak bizirik daudela».

Torturarekin lotuta, indarkeria matxistaren aurkako egunaren biharamunean eta azaroaren 30erako deitutako greba feministaren atarian, «emakumeek sufritutako zigor bikoitza» salatu zuten oroimen ekitaldian.

Adierazi zutenez, tortura sexuala pairatu zuten emakume askok. «Haien gorputzen eta bizitzen jabe ez balira bezala» jokatu zuten torturatzaileek. «Sistematikoa izateaz gain, patriarkatuak zeharkaturiko estrategia izan da tortura, zeinetan zapalkuntza ardatz zenbait uztartu diren»

«Errudun sentiaraztearen bitartez, praktika guztiek ideia bera transmititu nahi izan dute: emakume horiek ez zirela onak, edo ez behintzat sistemak behar zituen emakumeak». Errealitate hori agerian uzteko, hainbat emakumeren testigantzak jaso ziren, Nafarroako Torturatuen Sarearen parte hartzea izan zuen ekitaldian.