GARA Euskal Herriko egunkaria

Amazon Trapagarango langileak grebara itzuliko dira Gabonetan

«Enpresaren immobilismoaren aurrean», Amazon Trapagaran enpresako langileek adierazi dute Gabonetan grebara itzuliko direla, iazko Cyber Monday egunean egin zuten bezala. Hitzarmen propio bat aldarrikatzen dute.

Atzoko prentsaurrekoa, Trapagaranen. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Duela urtebete Amazon Trapagaran enpresako langileek 24 orduko lehen greba eguna egin zuten, Cyber Monday egunarekin bat eginik. Urtebete geroago salatu dute euren aldarrikapenak berdinak direla, eta berriz ere «hitzarmen propioa negoziatzea» exijitu dute, Gabonetan grebara itzuliko direla aditzera emanez.

«Egun historiko hartatik 365 egunera, borrokara itzuli beharko dugu, enpresak negoziatzeko borondaterik ez duelako. Pazientzia izan dugu, elkarrizketarako borondatea izan dugu, nahiz eta denbora galtzea besterik ekarri ez duten bilerak izan. Hala ere, lortutako erantzuna beti berdina izan da: ez dute negoziatzeko inolako asmorik», azaldu zuten atzo LAB eta ELA sindikatuek. Zentzu honetan, nabarmendu zuten enpresak «langileen eskaerei jaramonik ez egitea enpresa batzordearekiko eta plantillarekiko errespetu falta izugarria» dela. «Langileen ordezkaritza legitimoari eta gure eskubideak defendatzeko funtsezko tresna den negoziazio kolektiboari adarra jotze horren aurrean, argi diogu: nazkatuta eta haserre gaude», kritikatu zuten. «Elkarrizketa eta negoziazioari dioten mespretxuaren» aurrean, sindikatuek ohartarazi zuten ez dutela «amore emango» eta «konfrontazioa» dela uzten dieten irtenbide bakarra. Beraz, adierazi zuten «aurten ere ez dela normaltasunik egongo» Amazonen Gabonetan, «geure errealitatera egokitutako hitzarmen propio bat» exijitzeko.

ELA, AMAZONEN AURKA

Bestalde, ELAk azaldu zuen EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak baietsi duela Amazonek Gipuzkoa SDR Smart Delivery Routes SDR kontratako kaleratze kolektiboaren aurka sindikatuak jarritako demanda. Sententziak kaleratzeak bertan behera utzi eta onartzen du plantilla zuzenean Amazon multinazionalera batzea.