GARA Euskal Herriko egunkaria
JOPUNTUA

Ezkutuko zama


Pasatu den larunbatean, azaroak 25, akordatu nintzen bere aurpegi eta hitzekin. Gainditu gabe, baina hogei urteko langa horretatik gertu izango da elkarrekin izan genuen hitzordua. Indarkeria matxistaren nazioarteko egunaren atarian izan zen, eta etxera bidean emakume hark kontatu zizkidanak gorputzean kabitu ezinda ekarri nituen. Bere bizipenak bezain gordina izan zen argitaratutako elkarrizketa. Urteak pasatuta, konturatu naiz, agian, halakoek ez zutela kazetari modura gizarteari transmititu nahi genion mezu hura iritsarazten lagundu. Ordura arte isilean eta ezkutuan gordetzen zen indarkeria azaleratu nahi genuen, ohartu gabe, tamainako istorioek gure azalean bizi edota albokoenean atzematen genituen indarkeria mota asko, sotilagoak baina agian sarkorragoak, estali zitzakeela. Ez da damua, hitza eman behar zitzaien, baina akaso hausnarketa sakonagoa merezi zuen. Ordutik, mugimendu feministaren eskutik, euri finaren pare gure egunerokoa bustitzen duten jarrera eta erasoak ikusten eta atzematen gehiago ikasi dugu.

Zaintzarekin gauza bera gerta daiteke; edonork eta bizitzako edozein unetan behar du zaindua izatea, baina premia handienak dituzten pertsonen zaintzan erreparatzen dugu eta burura datozkigu gaixotasun larriak edota mendekotasunak dituzten pertsonak. Haurrak ere bai, baina amatasunak eta haren inguruan emakumeek ditugun sentipenak aparteko erregela batzuek gidatzen dituztela uste dut. Zenbakietara eramaten dira eta hausnarketa eragiteko modukoak diren zifrak mahai gainean jartzen dira, zaintza lanen desorekaren islatzeko. Zerrendatu daitezkeen lanak dira horiek, baina ez dira horietan kabitzen antolaketaren buruhaustea, kulpak eragindako mina eta ezina, kontraesanek sortutako itolarria, erantzun beharreko galderek piztutako haserrea eta tristura… Horien eragina norberak ere ezin du neurtu batzuetan; horregatik ezin dira erdibideko neurriak ezarrita eragotzi eta irtenbidea zaintzaren garrantziaren errekonozimendutik eta lan horiek norbanakoengan duten pisua arintzetik dator…