GARA Euskal Herriko egunkaria

Herri Urratsen etekina izanen da Beskoitzen ikastola berria altxatzeko


2024ko maiatzaren 12an Senpereko aintzira berriz euskaltzaleen elkargune bilakatzeko parioa publiko egin zuten, atzo, Ipar Euskal Herriko ikastolek. Herri Urrats bestaren 41. edizioan biltzen den dirua Beskoitzen ikastola berria eraikitzeko baliatuko du Seaskak.

Iazko edizioa laino ilunen artean igaro bazen ere, “Ortzadarra” lelopean heldu den udaberrian ospatuko den bestaren aurkezpenean zerua ez dagoela oraindik ere ateri adierazi zuen Peio Jorajuriak. Hain zuzen, aintziratik oso gertu, Senperen bertan Seaskak zabaldu berri duen bosgarren kolegioaren gainean arrisku berria ikusten dela jakinarazi zuen Jorajuriak.

Batetik, Beskoitzeko ikastolaren inguruko afera bideratzear egon daiteke, udalak aintzat hartu baitu elkarrizketari ekiteko Jean-Rene Etchegarayk eginiko proposamena, eta, bestetik, Senpereko kolegioaren kasuan kezka berria piztu da, alokairua auzian eman baitu Prefeturak.

Aurreko udal gobernuarekin 99 urterako kontratua adostu zuen Seaskak, ikastetxe berriaren etorkizuna bermatzeko epe luzerako alokairu enfiteutikoa deritzona baliatuz. Pirinio Atlantikoen Prefeturak, ordea, lurrak erostera behartu nahi du Seaska.

Prefeturak argudiatu du udal batek ezin duela ondasunik bideratu kolegio bat irekitzera, bigarren hezkuntza departamenduaren eskuduntza delako. Frantziar Hezkuntza Kodeak bigarren mailako ikastetxeek «Estatu, eskualde, departamendu eta herriko erakundeen sostengua jaso dezaketela» adierazi arren Estatuak ezarritako oztopoa nola gainditu aztertu beharko dute orain Seaskak eta Senpereko Herriko Etxeak.