GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Elordi eta Rezusta lider sendoak dira, lan pilaketan freskurarik galdu gabe

Mallabiko partidan 7-0 aurreratuta, ez zieten aukerarik eman Azkoitiko itxura ona berretsi ezin izan zuten Ezkurdia-Tolosari. Bigarren jardunaldia Tolosan itxiko da asteazkenean eta Unai Laso bertan izango da sei hilabeteren ondoren.

Fresko eta akatsik egin gabe, partida borobila osatu zuen Rezustak. (Oskar_MATXIN_EDESA | FOKU)

Etxetik gertu, hori bai, eta pilotakada askorik jo gabe, lau egunen bueltan txapelketako bi partida jokatu beharrak -hirugarrena ostiralean jokatuko dute Donostian Artola-Imazen aurka- ez die batere freskotasunik kendu sasoiko diren Elordi-Rezustari. Binakako txapelketako liderrak dira, emaitzez eta jokoz, atzo Mallabian bigarren puntua lehenengoa bezain erraz eskuratuta. Ezkurdia eta Tolosak, ordea, lehenbiziko eguneko sendotasuna eta lehiakortasuna bidean galdu zituzten eta, partidan sartu ezinik, uste baino lan gutxiago eman zieten mallabitarrari eta bergararrari, anoetarrarentzat ere oso gertukoa den pilotalekuan.

Urdinak konturatzerako, markagailuan alde handia zutela jarri ziren Elordi eta Rezusta (7-0), Eibarko osteguneko partidaren jarraipen bat balitz bezala. Eraman gabeko pare bat sakerekin eta Ezkurdiak eta Tolosak goiko koltxoira botatako hiru pilotekin, gorriek berehala ireki zuten zuloa, eta gero ez zuten partida osoan errenta hori kudeatzeko aparteko arazorik eduki.

Izan ere, Astelenan sanandres egunean erakutsitako sentsazio onak berretsi zituzten atzo, bertatik ez oso urrun, mallabitarrak eta bergararrak. Ematen du txapelketak sasoi puntu onean harrapatu dituela biak, fresko daude oso, eta pilota abiadurarekin irteten zaie eskuetatik. Aurrelari txapeldunak uda osoan izan ez duen jokoa harrapatu du berriro, oso gutxi behar du tantoa amaitzeko, eta Binakako honetan, gainera, iaz Zabaletarekin bezala, zuloak irekitzen dizkion atzelari bat topatu du Beñat Rezustarengan. Gipuzkoarrak uda polita osatu du, eta orain arte jokatutako bi partidetan bizkarra erakutsi die, nabarmen, parean izan dituen atzelariei.

ERREAKZIORIK GABE

Beste aldean, atsedenerako denbora gehiago izan duten arren, Azkoitian itxura ona utzi zuten Ezkurdia eta Elordik ez zioten orduko sendotasunari eusterik izan. Egia da hasieran galdutako pilota batzuk graziarekin galdutakoak izan zirela, baina ez zuten erreakziorako inolako gaitasunik erakutsi eta ez zuten markagailuan atzetik zirela jokatzen jakin.

Izan zuten boladatxo on bat, 9-5 gerturatu zirenean, baina denborarik gehienean euren jokoa topatzeko modurik topatu ezinik aritu ziren. Azkoitian bien artean Zabaleta deseroso sentiarazi bazuten, atzo Rezustak zuzen jokatu ahal izan zuen partida guztian zehar, eta, Bergarakoak horrela jokatzen duenean, ia ezinezkoa izaten da hari kontra egitea, are gutxiago aurrean Elordi bezalako errematatzaile bat duenean.

Gainera, behar baino pilota gehiago galdu zituzten -txapekin ere ez zuten zorte handirik izan- eta garaipenetik oso urrun geratu ziren. Hurrengo partida Urretxun izango dute, Santa Lutzi egunean, Peña eta Tolosaren aurka.