GARA Euskal Herriko egunkaria

Plateruenaren etorkizuna, «impasse» egoeran eta guraizeak sartuta

Plateruenaren eraikina, Azokaren plazan. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Berezko protagonismoa izan ohi du Plateruenak Azokaren barnean, bertan egiten baitira zuzeneko kontzertuak; han biltzen da musika munduaren taupada egun hauetan. Edizio honetara egoera berezi edo hauskorrean iritsi da, Udalaren gestiopean berriz ateak zabaldu zituenenik oraindik urtea bete ez denean, “impasse” edo geldiunean baitago.

Aurreko Udal Gobernuak -EH Bilduk eta Herriaren Eskubidea-k osatutakoak- jarri zuen martxan Plateruena berriz, eta EAJek eta PSEk osatzen duten Gobernu berriak bertan behera utzi du kudeaketa hori eta beste eredu bat topatzearen aldeko hautua egin du. Are gehiago, 2024ri begira prestatu duten aurrekontuen zirriborroan Plateruenan egingo den inbertsioari guraizeak sartu dizkiote: gastuetan %59,61eko murrizketa aurreikusten dute.

Zehazki, egunkari honek jakin ahal izan duenez, gastuei dagokienez, 2023rako onartu zen 316.550 euroko aurrekontua 2024rako 127.850 eurora txikitzea aurreikusten da. Murrizketa nagusia azterketa- eta lan-teknikoen arloari dagokio (130.000 euro aurten; 15.000, 2024an), eta, bestetik, kultur ekimenetan ere jaitsiera nabarmena agertzen da (90.000 eurotik 25.000era), baita argitalpenak, publizitatea eta propaganda atalean (9.500 eurotik 2.000ra pasatuko da).

Ibilbide luze eta katramilatsu baten beste atal bat baino ez da. 2004an ireki zituen ateak Plateruena kafe antzokiak, 900 kideko kooperatiba baten eskutik, eta 2020an itxi, arrazoi ekonomikoengatik. Eraikinaren jabetza Durangoko Udalak hartu zuen eta, zabaldu ziren prozesu herritarren ondoren, 2022ko azaroaren 30ean Plateruenan bertan aurkeztu zen kudeaketa eredu berria. Udalak hartuko zuen ardura, eta kudeaketarako kultur mahai bat osatuko zen, herriko hainbat eragilerekin, hiru helburu nagusirekin: euskalduntzea bultzatzea, herriko eragileentzako erreminta izatea, eta euskarazko kulturgintzarentzako gune bilakatzea. Aurtengo martxoaren 3an egin zen irekiera ofiziala, eta urte osoan zehar hainbat jarduera hartu ditu Plateruenak.

Programatuta dagoen azken ekitaldia abenduaren 23koa da, Joseba Sarrionandia eta Ines Osinagaren “Katuen kontuak” kantu saio musikatua, hain zuzen (22.00etan, 10 euroan). Aurretik lotuta zegoen. Eta hemendik aurrera zer?

BIDERAGARRITASUNA?

Nola kudeatu eta zein motatako edukiz jantziko den, hori zehazteke dagoela dirudi. Eta zein eredu aukeratuko da? 2023-2027 urteetarako onartutako udal akordioan, «Plateruena berriro irekitzea» aipatzen da, beti ere «iraunkortasun- eta bideragarritasun-irizpideen arabera». Astarloa Kulturgintza udal zerbitzuaren barnean dago Plateruena, Durangoko beste hainbat ekipamendu kultural legez; esaterako, liburutegia, San Agustin kulturgunea, museoak eta Landako gunea bera.

Jon Sergio Atxotegi da kultura zinegotzia. Kultura-ekipamendu honen etorkizuna zein izango den galdetuta, hona bere erantzuna: «Durangoko Udalak, bere aginte programan zehaztutako proiektu estrategikoen artean dago Durango euskal kulturaren egoitza bihurtzea. Ez bakarrik Durangoko Azokan, baizik eta urte osoan zehar. Durangon baditugu helburu hori lortzeko beharrezkoak diren zumeak. Alde batetik, Durangoko Azoka bera, Durango euskal kulturaren hiriburu bihurtzen duena, urtero, asteburu oso batez. Eta, bestetik, kultura-azpiegiturak. Hor ditugu Plateruena, Landako gunea, San Agustin, Museoa, Kurutzesantu… Une honetan, elementu guzti hauen hausnarketa egiten ari gara, Durangok merezi duen proiektu aproposena garatzeko, eta argi daukagu proiektu honetan Plateruenak paper garrantzitsua izango duela. Eta, noski, Kultur Mahaiak ere zeresana eta zeregina izango du. Denbora apur bat behar dugu, behar bezalako proiektua garatzeko. Ziur gaude, azken emaitzak mereziko duela».