GARA Euskal Herriko egunkaria

Profetikoa


Booker saria jaso berri duen “Prophet Song” (2023) nobela etorkizuneko Irlanda distopiko batean kokatu du Paul Lynchek. Irlanda horretan herritarrak desagertu egiten dira arrastorik utzi gabe. Eskubideen etengabeko galera, ikuskaritza, jagoletza eta kontrol-mekanismoen indartzea, etxeratze-aginduak, zentsura… Egoerak eztanda egingo du halako batean, herrialdea gerra zibilera bultzatuz.

Lynchek dioenez, Siriako gerrari buruzko albiste gordinen aurrean nabaritu zuen sentimenduen ahultasunak txundituta utzi eta zergatia aztertzen hasi zela, Irlandara begira jarri zen. Kezkagarria iruditu zitzaion egoera. Kezkatzekoa da zinez, aurreko astean Dublinen eskuin muturrak sortutako istiluak ikusita. Ez da fenomeno berria, ordea. Gogoratu besterik ez dago independentzia ostean Na Léinte Gorma taldeak izan zuen arrakasta, Espainiako gerran Francoren alde borrokatzera abiatu zen berak.

Urritik Alemanian nagusitu den intolerantziak nazioartean eragin duen harridura dela eta, Lukas Hermsmeier kazetariak dio herrialdeak ez duela inoiz erabat merezi izan aitortu zaion ospea. “Eskuin-muturra… ez zen sekula desagertu, eta hainbeste laudatzen den ‘wilkommenskultur’-ak, bizitza laburrekoa izanagatik ere, ez zuen erabat ezkutatu etorkinekiko mesfidantza eta xenofobia”. Europa osoari aplika dakioke kritika.