2023 ABEN. 09 PROIEKTU AGROEKOLOGIKOA ZESTOAN Zestoan agroekologiaren oasi bat sortzeko laguntza behar du Biolurrek Amillubi Lurra Taupaka izena eman dio Biolurrek Zestoan sortu nahi duen egitasmoari. Amillubi baserria eta haren lurrak modu kolektiboan erosiko ditu, eredu agroekologikoan lantzeko, «herritarrek elikagaiak eta nekazariek lurrak izan ditzaten». Iraetako Amillubi baserria, ezkerrean, bere zelai zabalez inguratuta. (Gorka RUBIO | FOKU) Maddi TXINTXURRETA ZESTOA «Eusten gaituen lurra ondasun kolektibo bilakatzeko» proiektu berri baten berri eman du Biolur nekazaritza ekologikoaren aldeko elkarteak. Egitasmo anbiziotsua da: Zestoako Iraeta auzoko Amillubi baserria eta honen lurrak erosiko ditu, hauek laborantza eredu agroekologikoan lantzeko. Kolektiboak izango dira lurrak; beraz, baita erosketa ere, eta herritarrek, enpresek eta erakundeek laguntza ekonomikoa eman dezaten behar du. Abenduaren 1ean, Azpeitiko Azoka plazan aurkeztu zuten herritarren aurrean Amillubi Lurra Taupaka, bi urtez «su motelean» landu ostean orain «borborka» dagoen proiektua. Atzo, berriz, Durangoko Azokan eman zituzten azalpenak. Agroekologia eredu, jauzi bat eman nahi du Biolurrek, eta hasieran Urola Kostako eskualdean eta aurrerago Gipuzkoa mailan garatuko den egitasmo kolektiboa martxan jartzeko asmoa du. Ikuspegi estrategikoarekin abiatuko dute Amillubi Lurra Taupaka, beraz. Azaroaren 30eko greba feminista orokorraren biharamunean eman zuten ezagutzera proiektua, eta zehaztu zuten esku artean darabiltena «zaintza erdigunera ekartzeko» beste egitasmo bat dela. «Eusten gaituen lurraren zaintza aldarrikatzera gatoz», iragarri zuten. Zestoako Iraeta auzoko Amillubi baserria eta haren lurrak erosiko ditu Biolurrek modu kolektiboan. 390.000 euro behar dituzte guztia erosteko eta baserria konpontzeko, eta herritarren, enpresen eta erakundeen eskura jarri dituzte ekarpenak egiteko hainbat modu: bide nagusia Koop57 kooperatibarekin abian jarri duten crowdfundinga izango da, baina zuzeneko dohaintzak egiteko modua ere izango da, kontu korrontearen bidez, besteak beste. Amillubi.eus webgunean zehaztu dituzte ekarpena egiteko era guztiak. Orotara, 2,5 hektarea nekazaritza-lur, 1,5 hektarea belardi natural eta bost hektarea baso eskuratuko ditu Biolurrek, bertan lurrarekin errespetuzkoak diren laborantza proiektuak garatzeko. Baserriak, halaber, 514 metro koadro ditu erabilgarri, hiru pisutan banatuta. Hasiera batean, lurrak nekazaritza profesionalean aritzen diren beharginen esku jarriko dituzte eta, ondo bidean, udaberrian hasiko dira landaketekin. Gerora, bitartekoak sortu nahi dituzte bizimodua nekazaritzara bideratu nahi duten herritarrentzat eta, aurrera begira, hornikuntza zentro baten izaera hartuko luke proiektuak. «Baina bideak erakutsiko digu beste hainbat gauza ere egin ditzakegula», gaineratu zuten aurkezpenean. Bertatik, Amillubi baserritik, sustatuko dituzte agroekologian formazioa eta nekazari eta abeltzainen saretzea ere, eta onurak asko eta askotarikoak izango direla ziurtatu zuten Biolurretik: herritarren eskura jarriko dira bertakoak eta osasungarriak izango diren produktuak, nekazariek lurrak modu duinean lantzeko aukera zabalduko dute, lurra espekulaziotik zein artifizializaziotik babestuko dute eta lehen sektorea indartuko dute, langileen baldintzetatik hasita. Ipar Euskal Herriko Lurzaindia egitasmoa hartu dute eredutzat, eta Amillubi bide horretan Hegoaldean landatuko den «lehenengo hazia» izango da. ARRAZOIAK, SOBERA Horrelako proiektu bat abiatzeko arrazoirik ez da falta, beren ustez. Azken 30 urteetan, laborantzako 5.500 hektarea galdu dira Gipuzkoan, 8.000 futbol-zelai adina. Bestalde, EAEko biztanleen %1 baino ez dira nekazaritzan aritzen, eta datozen hamar urteetan, erdiak erretiratu egingo dira. Egun kontsumitzen denaren %90 baino gehiago inportatutakoa da, eta «horrek menpeko egiten gaitu», ohartarazi zuten. «Ekiteko garaia» dela sinistuta, deriba hori zuzendu nahi dute Amillubi Lurra Taupaka egitasmo herrikoiarekin. IRAETAKO MEANDROAN Amillubi baserriaren kokapena «estrategikoa» da. Zestoako Iraeta auzoan dago, Urola ibaiak sortzen duen ezohiko meandroan, zehazki, eta, beraz, balio agroekologiko handiko lurrak dira, emankorrak, krisi klimatiko garaian ura bermatuta dutenak. Hala, baratzegintzarako, frutagintzarako eta lurraren laborantzarako eremu egokia da. Gainera, Amillubi baserriko lurrak Lakuako Gobernuaren jabetzako 26 hektareako nekazaritza-lur gisa kalifikatuta dauden eremu zabal baten alboan daude, egun errentan ematen direnak; etorkizunean proiektua hedatzeko aukera ematen du horrek. Elikagaien banaketarako, gainera, lagungarria da Iraetaren kokapena, kostaldera begira eta barrualdeko eskualdeetatik gertu baitago auzoa. JAUZI BAT«Azken urteetan halako proiektu batzuk martxan jarri dira; Azpeitiko Azoka Plaza, esaterako, horren adibide da. Baina Amillubi beste jauzi bat da: eskualdera begira gaude eta, aurrerago, baita Gipuzkoara begira ere», esplikatu zuten Biolurreko kideek proiektuaren aurkezpenean. «LEHEN HAZIA»Biolurrek Ipar Euskal Herriko Lurzaindia egitasmoa hartu du eredutzat, eta Amillubiko proiektua bide horretan Hegoaldean landatuko den «lehenengo hazia» izango dela espero du. KOKAPENAUrola ibaiak sortzen duen meandroan dago Amillubi eta, beraz, balio agroekologiko handiko lurrak ditu. Bestetik, kostaldera begira eta barnealdeko eskualdeetatik gertu egoteak elikagaien banaketa erraztuko luke etorkizunean.