GARA Euskal Herriko egunkaria
ADIMEN ARTIFIZIALA

Adimen artifizialari buruzko lehen arauak hitzartu ditu EBk

Europako Batasuneko estatuek eta Euroganberak akordio bat itxi dute adimen artifizialeko lehen araudia bultzatzeko, zaintza biometrikoko sistemen eta ChatGPT bezalako programen inguruan zituzten desberdintasunak gainditu ondoren. Parlamentuak eta Kontseiluak berretsi behar dute oraindik, baina aurrekari bat ezarri du mugarik ezagutzen ez zaion teknologia hori arautzeko.

ChatGPT da OpenAI-ren apustua adimen artifizialaren esparruan. (Marco BERTORELLO | AFP)

Europako Batasuneko erakundeek adimen artifizialaren (AA) erabilera arautzeko lehen lege integralei buruzko akordioa lortu zuten ostiralean. Ia hiru eguneko negoziazio gogorren ondoren, estatuek eta Europako Parlamentuak itun bat lortu zuten teknologia hau erabiltzea ahalbidetzen edo debekatzen duten arauei buruz, pertsonei dakarkien arriskuan oinarritutako sistema mailakatu baten araberakoa.

Thierry Bretonek, sare sozialak eta bilaketa-motorrak arautuko dituen lege-multzo baten arduradun den Europako komisarioak, «historikotzat» jo zuen behin-behineko akordio politikoa, indarrean sartu aurretik, 2026a baino lehen, ziurrenik, bi aldeek berretsi beharko dutena. Bere hitzak 36 orduko negoziazioen ondoren etorri ziren, non eurodiputatuen eta estatuen arteko distantziek gaindiezinak ziruditen, batez ere adimen artifizialean oinarritutako zaintzaren eta AA «sortzailearen» inguruan; azken honek ChatGPT edo DALL-E bezalako programak barne hartzen ditu.

Identifikazio biometrikoko kameren inguruan, akordioak zehazten du erabili ahal izango direla «benetako mehatxu terrorista, aurreikus daitekeena edo benetakoa, prebenitzeko, hau da, une horretan gertatzen ari dena»; bai eta «terrorismoa», pertsonen trafikoa, sexu-esplotazioa edo, adibidez, ingurumen-krimena bezalako delituak egin dituen pertsona bat edo delitua jasan duen biktima aurkitu edo identifikatzeko ere.

Horrela, zenbait adituk «salbuespen» hauek kritikatu dituzte, Teknologia eta Gizartearen Behatoki Nazionaleko (ONTSI) zuzendari ohi eta adimen arifizialan aditua den Lucia Velaskok bezala: «Distopikoa dirudi, oinarrizko edozein eskubide urratzen du, eta asko kostatzen zait sistema horien hedatzea justifikatzen duten kasuak aurkitzea», adierazi zuen atzo RTVEn. Aitzitik, Borja Adsuara zuzenbide digitalean adituak Efe agentziari adierazi zionez, garrantzitsuena «ez da soilik salbuespenen zerrenda, baizik eta, batez ere, zaintzen gaituztenak nork zainduko dituen jakitea».

ARRISKUAK ETA DEBEKUAK

Hitzarmenaren oinarria arriskuan oinarritutako sistema mailakatu bat da, non erregulazio-maila altuena osasunerako, segurtasunerako eta giza eskubideetarako arrisku handiena planteatzen duten sistemei aplikatzen zaien. Adibidez, hemen sartzen da hauteskundeen emaitzan eragiteko erabil daitekeen teknologia, edo kreditu-kalifikazioa ezartzeko erabiltzen dutena.

Hala, kamerez gain, eurodiputatuek onartezintzat jotzen zituzten zaintza biometrikoko hainbat sistema debekatuko dira, sinesmen politiko, erlijioso, filosofiko edo arraza eta orientazio sexualagatiko kategorizazio programak bezala. Era berean, ezin izango da erabili social storing-a, hots, pertsonak beren portaeraren edo ezaugarri pertsonalen arabera puntuatzen dituzten sistemak, ezta giza portaera manipulatzeko gai den adimen artifiziala edo pertsonen ahultasunak ustiatzeko erabiltzen dena ere (adibidez, adinagatik edo egoera ekonomikoagatik).

Debekatuta egongo dira, halaber, aurpegiko datu-baseak hedatzeko edo sortzeko sistemak, eta lantokietan edo eskoletan debekatuta egongo dira emozioak ezagut ditzaketen sistemak ere.

AA SORTZAILEA

Adimen artifizialeko teknologia abiadura handian garatzen ari da, bizitza modernoaren alderdi asko eraldatuz. Teknologia honen atzean Siri eta Alexa daude, ahots bidez kontrolatutako laguntzaile birtualak, eta Facebook eta X-eko erabiltzaileei zein argitalpen erakutsi erabakitzen laguntzen die enpresei. Amazonek ere erabiltzen du AA, bezeroen erosteko ohiturak aztertzeko, etorkizuneko erosketak gomendatzeko.

Baina, zer da AA sortzailea? Adibide ospetsuenak OpenAI enpresaren ChatGPT edo Googleren Bard dira. Programa horiek datu-kopuru handietatik ikasten dute, ia gizaki batek eginak diruditen eduki berriak sortzeko. Beste AA programa batzuek, hala nola DALL-E-k, testu-jarraibide soiletatik abiatuta irudiak sor ditzakete, eta badira AA generatiboak ere, bideoak egin ditzaketenak eta musikari ospetsuen estiloko musika ekoitzi dezaketenak.

Hala ere, giza erabakiak sistema hauen diseinuaren atzean daude, eta erabaki horien atzean, korporazio handiak. Alemaniak eta Estatu frantsesak AA-ren sistema handiak legetik kanpo uzteko eskatu zuten, enpresa teknologikoen eskaerei segika.

Azkenean, araudiak ez du erabilera debekatzen, baina irizpide batzuk ezarri ditu erabiltzen diren testuinguruaren arabera arrisku handia sor dezaketen ereduak hautemateko. Horrela, sistema horiek gardentasun-irizpideak bete beharko dituzte, hala nola testu, abesti edo argazki bat adimen artifizialaren bidez sortu den zehaztea eta sistema entrenatzeko erabili diren datuek egile-eskubideak errespetatzen dituztela bermatzea.

Hasiera batean, legea ez zegoen pentsatuta horrelako sistemak arautzeko, oraindik ezagunak ez zirelako Bruselak 2021eko apirilean legea proposatu zuenean, baina EBeko erakundeek arauetan sartzeko beharra ikusi dute ChatGPT-ren arrakastaren ostean.

Izan ere, araua ez da erregulazio oso bat, «esparru arautzaile» bat baizik, eta egokitzen joan beharko da alor horretan gertatzen diren berrikuntzetara egokitu ahal izateko, berrikuntza horietako asko ez baitira oraindik imajinagarriak.